Lanak bidal daitezke jadanik Zapirain Anaiak eta Ibon Zabala sarietara
Urtero bezala Xenpelar Bertso Eskolak helduentzako eta gazteentzako bertsopaper lehiaketak antolatu ditu. 17 urtetik gorako Zapirain Anaiak Sariak 23.ez egingo dituzte, eta 16 urte arteko gazteentzako Ibon Zabala Sariak, berriz, hamahirugarrenez. Egileek azaroaren 28ra arteko epea izango dute bertsopaperak bidaltzeko. Urtetik urtera geroz eta gehiago zabaltzen ari diren bertsopaper lehiaketak dira horiek. Xenpelar Bertso Eskolako Julian Albisturrek azaldu duenez, geroz eta jende gehiagorengana ari dira zabaltzen gonbidapena herriko bertsopaper lehiaketetan izena emateko, eta hori parte hartzean ere islatzen da, urtetik urtera handitzen ari baita. Horren adibide da, hain zuzen, Ibon Zabala Sariarena. Izan ere, lehen eskualdera bakarrik mugatzen zuten parte hartzea, baina azken ekitaldietan Euskal Herri osotik ari dira lanak bidaltzen, eta iaz, hain zuzen, hendaiar batek irabazi zuen, Maddi Txoperenak. Helduen saria, berriz, lasartear batek irabazi zuen, Ane Labakak. Horrenbestez, antolatzaileen asmoa azken ekitaldietako parte hartze maila mantentzea da. Helduen mailan 20-25 lanetakoa izaten da kopurua, eta gazteen mailan, berriz, 15-20 lanetakoa. Epaimahaiari dagokionez, aurten kide berri bat izango da: Bakarne Urreaga. Jose Luis Zabalaren lekukoa hartuko du, hil egin baita aurten. Urreaga Hernaniko bertso eskolan aritua da, eta egun Gipuzkoako Bertso Txapelketako epaimahaikide da. Gainontzeko bi kideak Patxi Petrirena eta Iker Goñi izango dira, Xenpelar Bertso Eskolaren gertukoak. [...]
Urtero bezala Xenpelar Bertso Eskolak helduentzako eta gazteentzako bertsopaper lehiaketak antolatu ditu. 17 urtetik gorako Zapirain Anaiak Sariak 23.ez egingo dituzte, eta 16 urte arteko gazteentzako Ibon Zabala Sariak, berriz, hamahirugarrenez. Egileek azaroaren 28ra arteko epea izango dute bertsopaperak bidaltzeko.
Urtetik urtera geroz eta gehiago zabaltzen ari diren bertsopaper lehiaketak dira horiek. Xenpelar Bertso Eskolako Julian Albisturrek azaldu duenez, geroz eta jende gehiagorengana ari dira zabaltzen gonbidapena herriko bertsopaper lehiaketetan izena emateko, eta hori parte hartzean ere islatzen da, urtetik urtera handitzen ari baita.
Horren adibide da, hain zuzen, Ibon Zabala Sariarena. Izan ere, lehen eskualdera bakarrik mugatzen zuten parte hartzea, baina azken ekitaldietan Euskal Herri osotik ari dira lanak bidaltzen, eta iaz, hain zuzen, hendaiar batek irabazi zuen, Maddi Txoperenak. Helduen saria, berriz, lasartear batek irabazi zuen, Ane Labakak.
Horrenbestez, antolatzaileen asmoa azken ekitaldietako parte hartze maila mantentzea da. Helduen mailan 20-25 lanetakoa izaten da kopurua, eta gazteen mailan, berriz, 15-20 lanetakoa.
Epaimahaiari dagokionez, aurten kide berri bat izango da: Bakarne Urreaga. Jose Luis Zabalaren lekukoa hartuko du, hil egin baita aurten. Urreaga Hernaniko bertso eskolan aritua da, eta egun Gipuzkoako Bertso Txapelketako epaimahaikide da. Gainontzeko bi kideak Patxi Petrirena eta Iker Goñi izango dira, Xenpelar Bertso Eskolaren gertukoak.
Epaimahaiak bere erabakia hartu ostean, abenduaren 27an emango du haren berri, Errenteria Hiria Kulturgunean egingo duten ekitaldian. Albisturrek aurreratu duenez, aurten asmoa daukate Jose Luis Zabala zenari omenaldi bat egiteko, bertsolaritzaren munduan egin duen ekarpenarengatik.
Horrez gain, urtero moduan bertso saioa izango da, baina oraindik ez dute zehaztu zein bertsolari igoko diren kulturguneko oholtzara.
Ekitaldi berezia izango da, datorren urtean Xenpelar Bertso Eskolak mende laurdena beteko baitu.
Oinarriak
Zapirain Anaiak Sarietara, gehienez, hiru bertso sorta bidali beharko dira, bakoitza, gutxienez, zortzina bertsokoa, eta gehienez, hamalaunakoa. Gaia librea izango da, eta bertsoak jatorrizkoak, eta saritu edo argitaratu gabeak.
Irabazleak 500 euro eta oroigarria eramango ditu, eta bigarrenak 250 euro. Epaimahaiak sariren bat eman gabe utz dezake edota bi aipamen berezi edo akzesit eman.
Ibon Zabala Sariei dagokienez, berriz, lehiakide bakoitzak hiru bertso sorta bidali ahal izango ditu gehienez. Sorta bakoitzak launa bertso izango ditu gutxienez, eta sei gehienez. Helduen mailan bezala, gaia librea izango da, eta bertsoak jatorrizkoak, eta saritu edo argitaratu gabeak izan beharko dute.
Irabazleak 120 euro eta oroigarria eramango ditu, bigarrenak 90 euro, eta hirugarrenak 60 euro. Epaimahaiak sariren bat eman gabe utz dezake edota bi aipamen berezi edo akzesit eman.
Bai helduen eta bai gazteen kasuan irabazleak bere bertsoak kantatuko ditu sari banaketaren egunean.
Lanak posta arruntaz edo posta elektroniko bidez bidal daitezke. Posta arruntaren alde eginez gero, Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea-Xenpelar Bertso Eskola, Santxoenea 2-1, 181 posta kutxa, 20100 Errenteria-Orereta helbidera bidali beharko dira. Jatorrizko sorta eta bi kopia bidali beharko dira, kanpoaldean izengoitia jarrita. Barruan, beste zorro txikiagoan, egilearen izena, helbidea eta telefonoa zehaztuko dira.
Posta elektronikoz, berriz, bulegoa[a bildua]lauhaizetara.net helbidera bidali beharko dira, bi dokumentutan banatuta. Batean, bertsoak azalduko dira, eta bestean, egilearen izena, helbidea eta telefonoa.