Zerga eta tasen %3ko igoera onartu du Udalbatzak
udal osoko bilkura
Udalbatzak argi berdea eman dio Gobernu Taldeak 2012. urterako proposatutako ordenantza fiskalei, Bildu koalizioaren eta Ezker Batuaren aldeko botoekin. Gainontzeko alderdiak abstenitu egin dira. KPIren araberako, %3ko igoera izango dute, beraz, datorren urtean zergek eta tasek orokorrean, salbuespenak salbuespen.
Halaber, diru sarrera mugatuak dituztelako egoerarik okerrenean dauden herritarrek diru laguntzak jasoko dituzte. Azken puntu hori aho batez onartu zuen Udalbatzak asteazken arratsaldean egindako osoko bilkuran. Laguntza horiek diru sarrerak bermatzeko eta laneko diru sarrerak osatzeko errentak jasotzen dituzten herritarrentzako izango dira, Ondasun Higiezin Gaineko Zerga (OHZ ) eta ura eta zaborraren tasak ordaindu ditzaten. Kasu horietan, udalak OHZ eta ura eta zaborraren %70 hartuko du bere gain eta, beraz, egoera okerrenean daudenek tasen %30 ordaindu beharko dute. Udalak 270.000 euro bideratuko ditu laguntza horietara.
Ezkerreko planteamendua Jose Manuel Ferradas Errenteriako Ezkerrako zinegotziak ordenantzak krisi egoera kontuan hartuta “onak” direla zehaztu zuen: “Igoerarik ez egin behar izatea litzateke onena, baina udalak une honetan ezin du, oinarrizko zerbitzuen murrizketa ekarriko lukeelako batetik, eta egoera okerrenean dauden herritarrei diru laguntzak eman ahal izatea ezinezkoa egingo lukeelako, bestetik”.
EAJk berriz, igoera ura eta zabor tasei mugatzea planteatzen zuen: “Gobernu Taldeak proposatutako igoera izugarria iruditzen ez bazaigu ere, uste dugu egoerak ez duela okerrera egin eta ez dela bestelako igoerarik behar”.
PSE-EEko bozeramaileak, Juan Carlos Merinok hainbat tasa eta zerga izoztea proposatu zuen: “Ondasun Higiezin Gaineko Zerga ez igotzea, eta garraio publikoaren txartela eta trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga lehenengo zatian izoztea eskatu dugu”.
Garazi Lopez Etxezarreta, Bilduko bozeramaileak garrantzitsuena ordenantzak egiteko garaian erabilitako “irizpideak” izan direla nabarmendu zuen: “Ezkerreko planteamendua egin dugu gehien behar dutenei laguntzeko. Egia da igoera planteatzen dela, udala dagoen egoeran egonik beste aukerarik ez dagoelako, baina ez dugu denontzat berdin egiten, gehien behar dutenei laguntzen dien ordenantzak egin ditugulako”.
Foru Funtsa itzuli behar
Julen Mendoza alkateak, Errenteriako Udalak bizi duen egoeraren berri eman zuen osoko bilkuran eta egoerak “okerrera” egin duela zehaztu zuen. Besteak beste, udala 2013 urtera arte Foru Funtsa itzultzen ariko dela ekarri zuen gogora: “Horrekin batera 2011 urteko bi miloi euro ere itzuli behar ditugu eta gainera Foru Funtsak diru gutxiago emango digu datorren urtean”. Tasak eta zergak izoztea “gustukoena” litzatekeela gaineratu zuen Mendozak, “baina errealitatea, udala egoera larrian dagoela da eta, zoritxarrez, murrizketa ugari egin beharko ditugu aurrera egiteko”. Gobernu Taldeak proposatutako ordenantza fiskalekin, 370.000 euro gehiago jasoko ditu udalak.
EBPN aurrera, aho batez
Udalbatzak bestalde, aho batez onartu zuen herenegungo osoko bilkuran Euskararen Biziberritzeko Plan Nagusiaren (EBPNren) 2011-2014 urteetarako plan estrategikoa. Beste hainbeste egin zuen euskararen erabilera normalizatzeko planarekin, eta alderdi guztien aldeko botoekin onartu zuten laugarren plangintzaldia.
Lege aldaketaren aurka
Errenteriako Ezkerrak Diru sarrerak Bermatzeko Lege aldaketaren aurka aurkeztutako mozioak ere aurrera egin zuen, EAJ, Bildu eta euren aldeko botoekin. PSE eta PPk kontra bozkatu zuten. “Gizarte babesari” dagokionean lege hori “atzerapausoa” dela salatu zuen Errenteriako Ezkerrako bozeramaile Ferradasek. 2011 urteko apirilean Errenteria-Oreretako gizarte zerbitzuek 738 txosten bideratu zituztela zehaztu zuen Ferradasek: “800 txostenera heldu gaitezkeela aurreikusi dute gainera, eta txosten horien atzean, aurpegiak daude, izenak eta abizenak dituzten pertsonak”.
San Markoko zabortegia ixteko eskatu du Udalbatzak aho batez
San Markoko zabortegiaren gaineko mozioa aurkeztu zuen PSE-EEk, Lezo eta Pasaiako udaletan egin duten bezala. Horren aurrean, mozio alternatiboa aurkeztu zuen Bilduk. Luze eztabaidatu ondoren adostasunera heldu ziren: PSE-EEk aurkeztutako mozioaren bi puntuetako batean aldaketa egin eta bi puntu horiek onartu zituen aho batez Udalbatzak. Errenteriako udalak San Markoko zabortegia behin betiko ixteko eskatu, eta itxiera ahalik eta azkarren egin dezan galdegin dio San Markoseko Mankomunitateari eta Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoari. Bestalde, PSE-EEk aurkeztutako PIGRUG Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integralaren gaineko mozioak ere aurrera egin zuen, PP, EAJ et PSE-EEren aldeko botoekin. Errenteriako Ezkerrak eta Bildu koalizioak kontra bozkatu zuten. PSE-EEk errausketaren alde egin zuen mozio horrekin. Errenteriako Ezkerrako Ferradasek, berriz, errausketarik gabe “zaborra zero izatea lortzea” posible dela erakusten duten adibideak badirela nabarmendu zuen: “AEBtako San Francisco hiria eta Taiwan, kasu”. Erraustegiak “garestiak” direla, eta hondakin arriskutsuak sortzen dituztela nabarmendu zuen. Hondakinen gaiaren gaineko eztabaida zabaltzea ezinbestekotzat jo zuen.

