Gaztetxearen urteurreneko ekitaldi nagusia bihar
Zabalenea II gaztetxeak 11. urteurrena dela eta, hainbat ekimen antolatu dituzte hil osoan zehar, eta bihar, izango dira azkenekoak. Azken ekimenak izan arren, egun handiena ere biharkoa izango da. Goizetik aterako dira kalera. Urteurreneko ekitaldi ho...
Zabalenea II gaztetxeak 11. urteurrena dela eta, hainbat ekimen antolatu dituzte hil osoan zehar, eta bihar, izango dira azkenekoak. Azken ekimenak izan arren, egun handiena ere biharkoa izango da.
Goizetik aterako dira kalera. Urteurreneko ekitaldi horiek prestatzerako garaian, uztailean egin zen Gazte Eguna izan dute oinarrian. Bertan, herriko gazteen arazoez hitz egiten aritu ziren, eta hala nola, sozioekonomia, kultura, aisialdia, errepresioa, hezkuntza, euskara eta komunikazioa izan ziren kezka gehien sortarazten zien gaiak.
Hausnarketa bide horri jarraituz, bihar 11:00etan, Nola apurtu lotzen gaituzten kateak? gazte eztabaida egingo dute, uztaileko batzarrean ateratako gaietan oinarrituta. Horrez gain, bazkaria eta kontzertuak izango dira. Ekitaldi guztiak Agirre Lehendakariaren plazan izango dira.
Egitaraua:
11:00etan. Nola apurtu lotzen gaituzten kateak? gazte eztabaida egingo dute. Sozioekonomia, kultura, aisia, errepresioa, hezkuntza, euskara eta komunikazioaz ariko dira.
14:00etan. Bazkaria. Txartelak Landare, Sindikato, Gailur eta Arkaitzan salduko dituzte
hamar euroan.
18:00etan. Kontzertu ibiltaria izango da, Agirre Lehendakariaren plazatik.
22:00etan. Kontzertuak: Pikutara, Skandalo publiko, Skandalue eta The dispositives.