Iosu Arruabarrena: “Jendearengana nola iritsi da Mintzalaguna egitasmoaren erronketako bat”
Euskaraz hitz egiteko txoko bat irekitzen die euskaldun berriei Lau Haizetara elkartearen Mintzalaguna egitasmoak. Euskaldun zaharrak edo mintzalaguntzaileak, euskaldun berri edo mintzalagunekin elkartzen dira astean behin, ordubetez, euskaraz hitz egiteko. Iosu Arruabarrena (Errenteria-Orereta, 1987) da mintzalaguntzaileetako bat. Zer da Mintzalaguna egitasmoa? Mintzalaguna Lau Haizetara Euskaldunon Elkarteak aurrera daraman egitasmoetako bat da. Euskara ikasten ari direnei edo bere garaian ikasi eta erabilera aldetik ahazten joan zaienei euskaraz hitz egiteko aukera ematea da asmoa, eta hori ahalik eta modu naturalenean egitea. Ez dago bakarrik euskara ikasten ari direnei zuzenduta, ez da beharrezkoa euskaltegian egotea. Noiz sortu zen? Hamar bat urte daramatza martxan. Urte horietan zein bilakaera izan du? Martxan jarri zen urtean izan zen jende gehien; hortik aurrera, pixka bat jaisten joan da, eta gero mantendu egin da. Aurtengo datu guztiak oraindik ez dauzkagu, jendeak izena emateko aukera daukalako oraindik, baina badirudi goraka ari dela. Momentuz, 60 bat lagun gaude [mintzalagun eta laguntzaileen artean], eta ea 80 ingurura iristen garen. Horietatik zeintzuk dira mintzalagunak eta mintzalaguntzaileak? Eta zenbat talde zaudete? Hamar bat mintzalaguntzaile dauzkagu, eta taldeak hiruzpalau pertsonakoak izaten dira. Hiru pertsonako mintzalagunak (euskaraz hitz egiteko gaitasuna hartu nahi dutenak) izaten dira eta laguntzaile bat, euskaldun zahar bat. Normalean hala da dinamika, [...]
Euskaraz hitz egiteko txoko bat irekitzen die euskaldun berriei Lau Haizetara elkartearen Mintzalaguna egitasmoak. Euskaldun zaharrak edo mintzalaguntzaileak, euskaldun berri edo mintzalagunekin elkartzen dira astean behin, ordubetez, euskaraz hitz egiteko. Iosu Arruabarrena (Errenteria-Orereta, 1987) da mintzalaguntzaileetako bat.
Zer da Mintzalaguna egitasmoa?
Mintzalaguna Lau Haizetara Euskaldunon Elkarteak aurrera daraman egitasmoetako bat da. Euskara ikasten ari direnei edo bere garaian ikasi eta erabilera aldetik ahazten joan zaienei euskaraz hitz egiteko aukera ematea da asmoa, eta hori ahalik eta modu naturalenean egitea. Ez dago bakarrik euskara ikasten ari direnei zuzenduta, ez da beharrezkoa euskaltegian egotea.
Noiz sortu zen?
Hamar bat urte daramatza martxan.
Urte horietan zein bilakaera izan du?
Martxan jarri zen urtean izan zen jende gehien; hortik aurrera, pixka bat jaisten joan da, eta gero mantendu egin da. Aurtengo datu guztiak oraindik ez dauzkagu, jendeak izena emateko aukera daukalako oraindik, baina badirudi goraka ari dela. Momentuz, 60 bat lagun gaude [mintzalagun eta laguntzaileen artean], eta ea 80 ingurura iristen garen.
Horietatik zeintzuk dira mintzalagunak eta mintzalaguntzaileak? Eta zenbat talde zaudete?
Hamar bat mintzalaguntzaile dauzkagu, eta taldeak hiruzpalau pertsonakoak izaten dira. Hiru pertsonako mintzalagunak (euskaraz hitz egiteko gaitasuna hartu nahi dutenak) izaten dira eta laguntzaile bat, euskaldun zahar bat. Normalean hala da dinamika, baina badaude talde handiagoak eta banakakoak ere. Orain hamabi talde daude martxan, gehienak zaharrak, eta hiru berri. Oraindik eratzen ari dira taldeak, eta ea azarorako martxan jartzen ditugun denak.
Badago errepikatzen duenik?
Horietatik hogei bat izango dira aurreko urteetakoak, mintzalagun eta mintzalaguntzaileen artean. Mintzalaguntzaile batzuk proiektua hasi zenetik daude, eta aurten, bost berri ditugu.
Nolakoak izaten dira taldeak?
Autonomoak dira guztiz. Izena ematen dutenei elkarrizketa bat egiten diegu ikusteko zein euskara maila daukaten, eta gero taldeka jartzen ditugu. Normalean, tabernetan geratzen dira, kafe bat hartu eta nahi dutenaz hitz egiteko. Badaude ere txakurra ateratzera joaten direnak, zinemara joaten direnak…
Oraindik izena eman daiteke?
Urte guztian dago aukera. Horretarako, Lau Haizetarako telefono zenbakira deitu [943 34 01 43] behar da. Helbide elektronikoa ere badaukagu: mintzalaguna[a bildua]hotmail.es. Behin gurekin harremanetan jarrita, data bat jarri, eta ordu laurdeneko elkarrizketa bat egitea izango litzateke.
Mintzalagunak zein ate zabaltzen dizkio euskaldun berri bati?
Euskaldun berri bati edo zahar bati. Gerta daiteke inguruan ez edukitzea euskaraz hitz egiteko aukerarik, eta horrek aukera ematen dizu astean behin, behintzat, euskaraz ordubetez (edo nahi izanez gero gehiago) hitz egiteko. Bestetik, euskal kulturaren arteko zubia egiteko ere balio du, bertsoak direla edo beste zerbait. Gero, noski, jende berria ezagutzea, jende euskalduna.
Zeintzuk dira Mintzalaguntzaren erronkak?
Asmoa da ikasturtean zehar kanpaina zehatzak egitea, eta beste erronketako bat da ahalik eta jende gehienarengana heltzea.
Euskaltegietan ez daudenek agian animatzeko zailtasun gehiago izango dituzte…
Euskaltegietan aurkezpenak egiten ditugu, eta egia da jende gehiagok ematen duela izena euskaltegietatik. Bestelako jendeak ere ematen du izena. Erronka nagusia hori da: nola ailegatu jendearengana eta nola sortu euskaraz bizitzeko motibazioa.
Beste jarduerarik egiten duzue?
Urtean zehar erabilera jarduerak egiten ditugu. Alegia, Mintzalaguna egitasmoa egiten dugun denek bestelako ekintzak egiten ditugu, taldeen artean ezagutzeko.
Zein ekintza?
Erabakitzen duguna: sagardotegira joan, irteera bat… dena librea da. Pentsatuta daukagu abendurako lehenengo topaketa egitea ere. Elkar ezagutzeko eta herriari ezagutarazteko zertan ari garen. Azaroan mintzalaguntzaileen batzar txiki bat ere egin nahi dugu: zein ideia dauden, nola dagoen taldea…