Bilduko Udal Gobernuaren adierazpen instituzionala
Aiora Perez de San Roman alkateak irakurri zuen atzo, urriko ohiko udalbatzarrean: Euskal Herria garai historiko berri baten atarian sartu berri da. Azken bi urteetan Euskal Herrian eman diren aldaketa politiko eta sozialerako prozesuaren ondorioz ireki den egoera berriak, pasa den asteko Nazioarteko Konferentzian islatu zen atzerriko adituen inplikazioak eta ETAk ostegunean zabaldu zuen erabakiak ilusioa eta itxaropena ekarri dio Euskal Herri osoari. Hamarkada luzetako borroka armatuaren aroa amaitu da. Herri gisa garai historiko berria abiatzera goaz. Aipaturiko Nazioarteko Konferentziak ebatzitako bost puntuen bitartez, Euskal Herrian gatazkaren behin betikoa eta integrala izango den konponbide baterako ibilbide orria zehaztua dugu. ETAk hartutako erabakiak konfrontazio armatua behin betikoz amaitzea dakar eta konfrontazio horrek sortu dituen ondorioei buruzko elkarrizketari ekiteko garaia iritsi da. Urte luzetako gatazkak sufrimendu handia eragin du. Oraindik ere gatazkaren ondorio ugarik bere horretan diraute. Lehen bailehen horiei heltzea eta gure herrian normalizazioa, errekonziliazioa eta giza eskubide guztien errespetuan oinarritutako bakea eskuratzea atzeraezinezko lana da. Nazioarteko Konferentziak esandakoari jarraituz, gatazkak sortutako ondorioak gainditzea beharrezkoa izango da. Gizarte osoak berea sentituko duen behin betiko bakea lortzeko beharrezkoak diren oinarriak jartzeko Euskal Herriko eragile askoren babesa duen Gernikako Akordioak exijitzen dituen neurri guztiak betetzea beharrezkoa da. ETAren erabakiak Euskal Herriko eta munduko [...]
Aiora Perez de San Roman alkateak irakurri zuen atzo, urriko ohiko udalbatzarrean:
Euskal Herria garai historiko berri baten atarian sartu berri da. Azken bi urteetan Euskal Herrian eman diren aldaketa politiko eta sozialerako prozesuaren ondorioz ireki den egoera berriak, pasa den asteko Nazioarteko Konferentzian islatu zen atzerriko adituen inplikazioak eta ETAk ostegunean zabaldu zuen erabakiak ilusioa eta itxaropena ekarri dio Euskal Herri osoari. Hamarkada luzetako borroka armatuaren aroa amaitu da. Herri gisa garai historiko berria abiatzera goaz.
Aipaturiko Nazioarteko Konferentziak ebatzitako bost puntuen bitartez, Euskal Herrian gatazkaren behin betikoa eta integrala izango den konponbide baterako ibilbide orria zehaztua dugu. ETAk hartutako erabakiak konfrontazio armatua behin betikoz amaitzea dakar eta konfrontazio horrek sortu dituen ondorioei buruzko elkarrizketari ekiteko garaia iritsi da.
Urte luzetako gatazkak sufrimendu handia eragin du. Oraindik ere gatazkaren ondorio ugarik bere horretan diraute. Lehen bailehen horiei heltzea eta gure herrian normalizazioa, errekonziliazioa eta giza eskubide guztien errespetuan oinarritutako bakea eskuratzea atzeraezinezko lana da.
Nazioarteko Konferentziak esandakoari jarraituz, gatazkak sortutako ondorioak gainditzea beharrezkoa izango da. Gizarte osoak berea sentituko duen behin betiko bakea lortzeko beharrezkoak diren oinarriak jartzeko Euskal Herriko eragile askoren babesa duen Gernikako Akordioak exijitzen dituen neurri guztiak betetzea beharrezkoa da.
ETAren erabakiak Euskal Herriko eta munduko eragile asko eta askoren balorazio baikorra eragin du. Euskal Herrian eta nazioarteko komunitatean sortu den egoera baliatu eta gatazkaren ondorioei helduko dien elkarrizketari ekiteko deia luzatu nahi diegu Estatu frantziarreko zein espainiako gobernuei. Arduraz jokatu dezatela, dagokien neurrian aritu daitezela, inoiz egon ez den aukera historikoa denbora galdu gabe baliatu dezatela.
Edonola ere, ETAren erabakiak ez du gure herrian dagoen gatazka politikoa desagerraraziko. Euskal Herria herri bezala aitortua izateak eta bere etorkizuna libreki erabaki ahal izateak soilik bermatu dezake behin betiko konponbide politikoa gainditzea.
Gure Herrian nazio identitate edota ikusmolde ezberdinetako herritarrak bizi dira. Horiek ordezkatzen dituzten alderdi ezberdinak ere badira gurean. Denok gara euskal herritarrak, denoi dagokigu irekitako prozesuan parte hartzea, denok dugu eskubidea eta betebeharra gure seme-alabei bestelako etorkizuna eskaintzeko, proiektu politiko guztiei ateak irekitzeko. Beraz, iritsi da ordua ere elkarrizketa politikoari ekiteko, eragile eta alderdi politikoei dagokien negoziazio politikoa abiatzeko.
Abiatu beharreko elkarrizketak bazterketa, beto eta mugarik gabekoa behar du izan. Indar politiko guztiek berdintasunezko baldintzetan aritzeko aukera eta eskubidea bermatuko behar da. Guztion arteko konponbidea behar dugulako, guztion parte-hartzea ahalbideratu beharra dago.
Eta elkarrizketa politikoak baldintzarik gabekoa beharko luke. Edo hobe esanda, baldintza bakarra izango duena: euskal eragileek gatazka politikoaren oinarrian dauden arazo politikoei bilatu beharko dioten aterabide politikoa denok defendatu eta errespetatuaraziko dugula.
Edonola ere, azken hitza herritarren esku utzi behar dugu, horixe baita eta ez besterik, demokrazian oinarritutako bakea eraikitzea. Erdietsi behar dugun akordioaren inguruan herritarrei galdetzea, askatasunari, demokraziari eta gatazkaren behin betiko konponbide politikoari egin diezaiokegun ekarpenik handiena da. Udalak herritarrengatik hurbilen dauden instituzioak izaki, oso ondo dakigu zein garrantzitsua den herritarrekin aritzea, euren babesa eta sostengua eskuratzea.
Azken bi urteetan garatzen hasi den prozesu politikoak aro historikoa ireki duen bezalaxe, ardura historikoa dugu eragileok aukera hau arduraz baliatu eta bururaino eramateko. Alderdi politikoek bezalaxe, instituzioek, kasu honetan udalok, gure esku dagoen guztian egin beharko dugu irekitako aukera historikoa behar bezala baliatzeko. Udal honetan eta aipatu norabidean lan egiteko konpromisoa hartu nahi dugu, beraz.
Amaitzeko deialdi zabal bat luzatu nahi diegu herritarrei, irekitako prozesua bultzatu, babestu eta sostengatu dezaten. Bakera, demokraziara eta askatasunera eramango gaituen itsasontziak herritarren parte-hartze eta bultzada beharrezko ditu portu onera iristeko. Bultzatu dezagun beraz denok aterabide demokratikoaren norabidean!