Sei etxebizitza hustu behar izan dituzte Uliako sutearen ondorioz

Oraindik ez dakite zehazki sua zerk eragin duen, baina haize ufada bortitzen ondorioz izan dela uste dute. Trintxerpeko Arrandegi kaleko sei etxebizitza hustu behar izan zituen atzo Ertzaintzak, Ulia mendian goizeko lehen orduan piztutako sute baten on...

Oraindik ez dakite zehazki sua zerk eragin duen, baina haize ufada bortitzen ondorioz izan dela uste dute.

Trintxerpeko Arrandegi kaleko sei etxebizitza hustu behar izan zituen atzo Ertzaintzak, Ulia mendian goizeko lehen orduan piztutako sute baten ondorioz. Zorionez, haizearen norabideak sutea goialdera bideratu zuen berehala, sua etxeetatik urrunduz, eta bizilagunek etxera itzultzeko aukera izan zuten.
Udaltzaingoak zehaztu duenez, 08:00ak aldera piztu zen sua. Esan dutenez, inguruko bizilagunek eman zuten abisua, eta udaltzainak, aldundiko langileak eta inguruko baserrietako boluntarioak hasi ziren sua itzaltzen, 08:15ak aldera Donostiako suhiltzaileak iritsi ziren arte. 10:30erako sutea kontrolpean zuten.
Haize ufada bortitzak

Trintxerpeko Arrandegi kaleko goiko aldean dauden sasietan piztu zen sua, Mendiola inguruan, garai batean harrobi izandakotik gertu.
Oraindik ez dakite ziurtasunez sua zerk eragin zuen, baina «haizeak eragindako arazo elektriko baten ondorioz» izan dela uste du Pasaiako Udalak. Iberdrolako teknikoak matxura bat konpontzen ibili ziren gerora. Izan ere, haize ufada bortzitzak neurtu zituzten atzo goizean Pasaian. Portuan orduko 105,2 kilometroko haize ufadak neurtu zituzten, eta Jaizkibelen, orduko 128, 1 kilometrokoak.
Amaia Agirregabiria alkatea eta Nekane Burutaran Donostiako Herri Babesarako zinegotzia erretako gunean izan ziren, sutearen berri bertatik bertara izateko.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.