kuadrillategi
Kuadrillategi egitasmoak ikasturtea hasi berri du Lezo, Pasaia eta Oiartzunen, eta Oarsoaldea Garapen Agentziako Euskara Zerbitzuak nabarmendu du egitasmoa “arrakasta” izaten ari dela herri horietan. Azken urteetan Oarsoaldean errotzen ari den egitasmo bat da Kuadrillategi. Gipuzkoako hainbat herritan ere antzeko ekimenak egiten dituzte gazte eta nerabeen artean euskara eta aisia uztartzeko.
Oarsoaldeko datuei dagokienez, Lezon DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. eta 3. mailako 63 gaztek eman dute izena; Pasai Antxon DBHko 1. eta 2. mailako 70 gaztek; Trintxerpen DBHko 1. mailako 13 gaztek; eta Oiartzunen, berriz, 91 gazte hasi dira Kuadrillategi egitasmoko ikasturte berrian. Joxe Luix Agirretxe Oarsoaldeko Euskara Zerbitzuko euskara teknikariaren arabera, nabarmendu beharreko datuak dira horiek.
Lasarte-Orian jarri zuten abian Kuadrillategi egitasmoa, 1998. urtean, eta ordutik, Gipuzkoako beste hainbat herritara zabaldu da: Deba, Aretxabaleta, Bergara, Beasain, Hernani, Astigarraga eta Urnieta eta Andoain, besteak beste. “2003. urtean iritsi zen Oarsoaldera, Pasaiara zehazki. Berehala Lezo eta Oiartzunera zabaldu zen Kuadrillategi”, zehaztu du Agirretxek. Oarsoaldeko Euskara Zerbitzuak bultzatu zuen egitasmoa hasiera batean: “Familia bidezko transmisioaren barruan txertatu genuen egitasmoa. Bikotekide biak euskaldunak izanik ere gazteleraz aritzen diren bikoteak ezagutzen ditugu, elkar ezagutu zutenean hizkuntza hori erabiltzen zutelako”.
Hizkuntza ohiturak aldatzea “oso zaila” dela deritzo Agirretxek: “Bikotearena, eta familiarena orokorrean, oso esparru delikatua delako, afektibitatea tartean dagoelako, besteak beste”.
Horregatik, Agirretxek uste du “ezinbestekoa” dela kuadrilletan eragitea, gazteak euskaraz aritu daitezen: “Harremanak hasten dituztenean hizkuntza ohiturak euskaraz finkatuak badituzte horiek horrela mantenduko dituztelako”.
Egun, tokian tokiko udalek kudeatzen dute Kuadrillategi egitasmoa, eta Oarsoaldean, Ttur-Ttur euskara elkarteak Oiartzunen eta Urtxintxak Lezo eta Pasaian.
Kuadrillategi egitasmoak Oarsoaldean bere bide “propioa” hartu zuela dio Agirretxek: “Kuadrillategik itxura instituzionalik ez hartzea izan zen gure helburua hasieratik”. Ez zuten nahi gazteek egitasmoa ikastetxeen jarduerarekin lotzea; “aisiarekin eta gustuko dituzten gauzekin baizik”. Eta pozik azaldu da zortzi urte hauetan lortutako emaitzekin, “Kuadrillategin aritzea modako zerbait bilakatu delako Pasaia, Lezo eta Oiartzungo gazteentzat”. Arrakastak arrakasta, argi du oraindik ere egiteko “lan handia” dagoela.
Kuadrillategi
“Izugarria da Kuadrillategirekin lor daitekeena”
Jolanda Etxeberria eta Irati Odriozola Oiartzungo Ttur-Ttur euskara elkarteko kideak dira, eta herri horretako Kuadrillategi egitasmoaren suspertzaileak.
Nola sortu zen Kuadrillategi egitasmoa Oiartzunen?
Irati Odriozola. Orain sei urte hasi zen egitasmoa herrian. Ni orduan parte hartu zuten gazteetako bat izan nintzen, eta izugarria izan zen, ostiralero gustuko genituen gauzak euskaraz egiteko aukera eman zigutelako.
Zein izan da egitasmoaren bilakaera urte hauetan?
Jolanda Etxeberria. Parte hartzeari dagokionez, ez da alde handirik izan. Lehenengo hiru urteetan izugarria izan zen, gero jaitsi zen, eta azken bi urteetan, gora egin du. Aurten 91 gaztek eman dute izena Oiartzunen, eta bost begirale ari gara haiekin. Aldaketa adin tartean egin dugu, DBHko 3. eta 4. mailako ikasleekin egin izan dugu lan, baina ikusi genuen adin horietan hizkuntz ohiturak oso barneratuak daudela eta zailagoa dela eragitea. Horregatik, aurten, DBHko 1. eta 2. mailakoekin ari gara, gazteagoengan eragin behar dugula ondorioztatu dugulako. Adin horrekin hasten dira lagun artean irteten, eta esku hartu behar genuen.
Zenbatero elkartzen zarete eta zer asmo dituzue ikasturte berrirako?
J. E. Ostiralero elkartzen gara, bi ordu eta erdiz, 19:00etatik 21:30era, eskola egutegiari jarraituta. Hasi berriak garenez, ekintza batzuk baino ez dituzte erabaki oraindik gazteek: lokal berria apaintzea, sukaldaritza lantzea, zinemara joatea eta zikintze jolasak egitea aukeratu dute hasteko.
I. O. Egitasmo hau abiatu ez duten herrietako kideak Kuadrillategi martxan jartzera animatu nahiko genituzke, izugarria delako egitasmoaren bidez lor daitekeena.
Oiartzungo Kuadrillategi