“Hemengo produktua lortu eta ekoizlea ezagutzea da helburua”
Baratzeko produktuak kontsumitu ohi izan ditu Josu Arotzenak (Errenteria-Orereta, 1963), eta horri eutsiz, Aitzibitarte kontsumo taldea sortu du beste herritar talde batekin. Nola jarri zenuten taldea martxan? Hainbat iturritatik jakin genuen lehenengoa martxan jarri zela. Biltzen joan ginen, eta zerrenda bat eratu zen. Handik EHNErekin harremanetan jarri, eta martxan jarri genuen taldea. Bigarren bilerarako ekoizle bat ezagutzeko aukera izan genuen. Zein da zuen ekoizlea? Itziarrekoak dira. Bikote bat da. Neska jatorriz Errenteria-Oreretakoa da. Zenbat zaudete taldean? Hamar otar ditugu. Hamaikagarrena ia eratua daukagu, baina oraingoz, hamar otar ditugu: bost otar oso, eta beste bost otar erdi. Otar bakoitzak 60 euro balio du. Lehenengo otarra noiz jaso zenuten? Baserrian bertan jaso genuen, bisitatzera joan ginenean. Lehenengo harremana izan zen, ez bakarrik ekoizlearekin, baita lurrarekin ere: guk kontsumituko ditugun produktu horiek guztiak nondik ateratzen diren ezagutu genuen. Denboraldiko produktuak jasoko dituzue. Zein produktu jasotzen ari zarete? Momentu honetan, aza lonbarda, azalorea, piperrak, tipulak, oraindik negutegiko tomate batzuk ere geratzen zaizkie, errafauak [rabanitoak], erremolatxa, brokolia, azelgak eta porruak. Nabaritzen al da zaporean baserriko produktuak direla? Baserriko produktuak beste freskotasun bat du, beste zapore bat, eta baita itxura ere: beste distira bat du. Ondoan jarrita sumatu egiten da aldea. Azabaratzaren helburuetako bat ahalik eta [...]
Baratzeko produktuak kontsumitu ohi izan ditu Josu Arotzenak (Errenteria-Orereta, 1963), eta horri eutsiz, Aitzibitarte kontsumo taldea sortu du beste herritar talde batekin.
Nola jarri zenuten taldea martxan?
Hainbat iturritatik jakin genuen lehenengoa martxan jarri zela. Biltzen joan ginen, eta zerrenda bat eratu zen. Handik EHNErekin harremanetan jarri, eta martxan jarri genuen taldea. Bigarren bilerarako ekoizle bat ezagutzeko aukera izan genuen.
Zein da zuen ekoizlea?
Itziarrekoak dira. Bikote bat da. Neska jatorriz Errenteria-Oreretakoa da.
Zenbat zaudete taldean?
Hamar otar ditugu. Hamaikagarrena ia eratua daukagu, baina oraingoz, hamar otar ditugu: bost otar oso, eta beste bost otar erdi. Otar bakoitzak 60 euro balio du.
Lehenengo otarra noiz jaso zenuten?
Baserrian bertan jaso genuen, bisitatzera joan ginenean. Lehenengo harremana izan zen, ez bakarrik ekoizlearekin, baita lurrarekin ere: guk kontsumituko ditugun produktu horiek guztiak nondik ateratzen diren ezagutu genuen.
Denboraldiko produktuak jasoko dituzue. Zein produktu jasotzen ari zarete?
Momentu honetan, aza lonbarda, azalorea, piperrak, tipulak, oraindik negutegiko tomate batzuk ere geratzen zaizkie, errafauak [rabanitoak], erremolatxa, brokolia, azelgak eta porruak.
Nabaritzen al da zaporean baserriko produktuak direla?
Baserriko produktuak beste freskotasun bat du, beste zapore bat, eta baita itxura ere: beste distira bat du. Ondoan jarrita sumatu egiten da aldea.
Azabaratzaren helburuetako bat ahalik eta produktu ekologikoenak lortzea zen. Zuena ere hala da?
Nik uste dut badagoela jendea produktu ekologikoak nahi dituena, baina bagaude ere bertako produktuak nahi ditugunak. Azken finean harreman bat eduki nahi dugu ekoizlearekin. Asmoa da jakitea: ‘Nik jan dudan hori zeinek produzitu du? Zein baldintzetan egin du?’. Garbi dago ahalik eta produktu kimiko gutxiagorekin ekoiztutako produktuak nahi ditugula.
Helburua bertako produktua lortzea da, beraz.
Bai bertako produktua lortu eta ekoizlea ezagutzea, eta berarekin harreman bat egitea. Behin horrekin, ahalik eta ekologikoena, osasungarriena izatea. Ekologia ulertuz, bertako batek natura modu orekatu batean zainduko duela, ez esplotazio masibo batetik.
Zein harreman duzue baserritarrekin?
Hasi berriak gara. Hilabete eta erdiko ibilbidea besterik ez dugu egin. Momentuz beraiekin bisita egin aurretik bilera izan genuen, ezagutzeko, eta euren planteamendua azaldu ziguten. Beste bisita bat egin genuen, eta bi astelehenetan aritu gara beraiekin hizketan. Lehendabizi taldea egituratzen ari gara, eta gero asmoa daukagu Azabaratzaren moduan hilean behin edo hiruhilabetean biko maiztasunarekin bilerak egiteko. Ekoizleak ere hasi berriak dira… denentzat da berria eta elkar ezagutzen ari gara.
Noiz eta non jasotzen dituzue?
Astelehenetan, 19:30ean, Orereta Ikastolaren azpialdean. Era berean, nahi genuen ekintza begi bistakoa izatea.
Kontsumo taldeak onuragarriak dira baserritarrarentzat bitartekoak saihestu eta bezeroak bermatzen dituelako.
Urtebeteko konpromisoa hartzen dugu berarekin. Gure kasuan hamar otarrekin hasi gara, baina hamabostera handitzeko tartea egon daiteke. Beraz, taldean osatzen dugun otar kopurua urtebetez, irailera bukaera arte, izango ditugu, eta hortik aurrera, urtebetez, berritzeko aukerarekin.
Produktuak baratzean beti ez dira berberak izaten. Hori nabaritzen al da otarraren prezioan?
Otarraren prezioa mantendu egiten da. Guk egiten duguna da lursail batean ekoizten den hura jaso. Horren truke ekoizleari hilabetero-hilabetero bere lana ordaintzen diogu. Horrek ez du esan nahi lan horren emaitza hilero berbera denik, baina lana berdina denez, ordainketa berbera da.
Oraindik jendeak izena eman dezake?
Bai. Norbaitek interesa badauka nahikoa da taldeko helbidera (aitzbitarte.kt[abildua]gmail.com) idaztea. Behin bi kontsumo taldeak osatuta ditugunean, jende gehiago animatzen bada, eta hirugarren talde baterako multzoa egiten bada, beste ekoizle bat bilatzeko asmoa badago.
Aitzbitarte izena nondik dator?
Aitzbitarte Errenteria-Oreretako kareharrizko mendi bat da, kobari izena ematen diona, baina donostiarrek beti Landarbaso deitzen diote. Batetik, aldarrikatzea hori gurea dela, eta bestetik, Aitzbitarte izena baserriak dauka. Orduan, baserritarren omenez, eta lehenengo bailarako biztanleen omenez proposatu genuen izen hori.