Galen laugarren garaipena lortu du Real Unionek, Palentziaren kontura
Bolada txarra duen arerioaren kontura lortu du Real Unionek denboraldi honetan etxean laugarren garaipena. Palentziaren aurka bi goleko aldeagatik irabazi zuten irundarrek, 3-1. Bisitariak jaitsiera postuan daude, eta hori baliatu zuten Roberto Olabere...
Bolada txarra duen arerioaren kontura lortu du Real Unionek denboraldi honetan etxean laugarren garaipena. Palentziaren aurka bi goleko aldeagatik irabazi zuten irundarrek, 3-1.
Bisitariak jaitsiera postuan daude, eta hori baliatu zuten Roberto Olaberen mutilek. Hala ere, bi taldeak ez ziren oso antolatuta atera zelaira.
Angulok sartu zuen txuri-beltzen lehenengo gola, jokaldi on bat bukatu ondoren. Durandez jokalari palentziarrak banakoa jarri zuen markagailuan, falta jaurtiketa baten bitartez.
Aldea handitu
Irundarren bigarren gola Marc Sergallesek lortu zuen, berak bakarrik egindako jokaldi baten ondoren, kontrako gola jaso eta segundo gutxitara. Palentziarrak gehien estutzen ari ziren momentuan lortu zuten hirugarren gola Unionek.
Denboraldiko laugarren garaipena lortu zuten horrela irundarrek, guztiak etxean. Berdinketa bati gehituta, guztira hamahiru puntu dituzte txuri-beltzek. Bederatzigarren postura igo dira (hamalaugarrenetik egin dute salto). Beste lau talderekin daude berdinduta: Sestao, Osasuna B, Gimnastica eta Arandina.
Arerio horietako baten kontra jokatuko dute datorren asteburuan. Sestaoren kontra izango da, Las Llanasen.

