“Atzerapausoa eman nuen bi urrats aurrera egiteko”
Bizikletan ez, baina autobusean harrapatu du Gipuzkoako Hitza-k Iñigo Chaurreau txirrindulari ohia (Pasai Antxo, 1973). Lanetik dator. Kutxako Finantza Kudeaketa sailean ari da lanean, bizikleta eskegita Enpresa ikasketak egin baitzituen. “Ingeniaritza ikasten hasi nintzen, baina bi urte egin eta utzi egin nuen”, argitu du Chaurreauk. Nagikeriarik ez zuen izan ikasketei ekin zienean: “Azken finean, helburu bat markatu eta aurrera egiten duzu. Diploma lortu nuen, eta orain lizentzia lortzeko ikasten ari naiz. Orain lau hilabete hasi nintzen Kutxan lanean”. Eta horretan dabil Chaurreau. Baina aritu zen ofizioagatik da ezagunagoa pasaitarra. 1995. eta 2006. urteen artean txirrindulari profesionala izan zen, hiru taldetan: Poltin, Euskaltel-Euskadin eta Ag2r-n. Txirrindularitza ez du guztiz alboratu; duela lau hilabetera arte irratian aritu da, eta Euskadiko Txirrindularitza Federazioko zuzendari teknikoa izaten jarraitzen du. Kirolean, futbolean jokatzen hasi zen Chaurreau. Hala ere, ikastolatik irtetean lagunekin bizikleta lasterketak egiten zituen. Bizikletan aritzen zen osaba bat izan zen, ordea, urrats erabakigarria egitea ahalbidetu zuena: “Donostiarra taldeko eskolan izena ematera animatu ninduen. Lehiatzen hasi nintzen, eta lasterketen erakargarritasun horrekin, hartan hasi nintzen. Haurren kategorian hasi nintzen, eta ondoren etorri ziren gainontzekoak”. Euskaldunentzat oso ohikoa ez zen herrialdean egin zuen jauzi profesionaletara: Italian. “Hiru urte eman nituen afizionatuetan. Lehenengo urtean, nire ustez, emaitza [...]
Bizikletan ez, baina autobusean harrapatu du Gipuzkoako Hitza-k Iñigo Chaurreau txirrindulari ohia (Pasai Antxo, 1973). Lanetik dator. Kutxako Finantza Kudeaketa sailean ari da lanean, bizikleta eskegita Enpresa ikasketak egin baitzituen. “Ingeniaritza ikasten hasi nintzen, baina bi urte egin eta utzi egin nuen”, argitu du Chaurreauk. Nagikeriarik ez zuen izan ikasketei ekin zienean: “Azken finean, helburu bat markatu eta aurrera egiten duzu. Diploma lortu nuen, eta orain lizentzia lortzeko ikasten ari naiz. Orain lau hilabete hasi nintzen Kutxan lanean”.
Eta horretan dabil Chaurreau. Baina aritu zen ofizioagatik da ezagunagoa pasaitarra. 1995. eta 2006. urteen artean txirrindulari profesionala izan zen, hiru taldetan: Poltin, Euskaltel-Euskadin eta Ag2r-n. Txirrindularitza ez du guztiz alboratu; duela lau hilabetera arte irratian aritu da, eta Euskadiko Txirrindularitza Federazioko zuzendari teknikoa izaten jarraitzen du.
Kirolean, futbolean jokatzen hasi zen Chaurreau. Hala ere, ikastolatik irtetean lagunekin bizikleta lasterketak egiten zituen. Bizikletan aritzen zen osaba bat izan zen, ordea, urrats erabakigarria egitea ahalbidetu zuena: “Donostiarra taldeko eskolan izena ematera animatu ninduen. Lehiatzen hasi nintzen, eta lasterketen erakargarritasun horrekin, hartan hasi nintzen. Haurren kategorian hasi nintzen, eta ondoren etorri ziren gainontzekoak”.
Euskaldunentzat oso ohikoa ez zen herrialdean egin zuen jauzi profesionaletara: Italian. “Hiru urte eman nituen afizionatuetan. Lehenengo urtean, nire ustez, emaitza nahiko onak izan nituen, eta horrek lagundu zidan afizionatuetan hiru urtez bakarrik lehiatzen”. Aurretik Marino Lejarreta ere Italian aritu zen, “baina uste dut ni izan nintzela afizionatuetatik profesionaletara atzerrian salto egin zuen lehenengoetakoa”. Polti taldearekin lotu zuen kontratua.
Kalitate handiko taldea zen orduko Polti. 90eko hamarkadako txirrindularitzan mitiko bilakatu ziren izenek osatzen zuten taldea: Luc Leblanc —1994an Munduko Txapelketa irabazi zuen—, Davide Rebellin, Giovanni Lombardi, Mauro Gianetti… “Ikaragarrizko ilusioarekin” sartu zen taldean. “Taldea handiegia zen niretzat. Afizionatuetan hiru urte egotetik horrelako talde handi batera joatea jauzi ikaragarria izan zen. Gainera, hara joan nintzen bizitzera… Laino batean nengoen”, dio.
Urteekin garai haiek beste ikuspuntu batetik aztertzen ditu: “Gaur egun pentsatzen dut egurra jasota ikasi nuela, eta urrats handia egin nuen. Ez nintzen kontziente garai hartan zer-nolako urratsa izan zen, baina orain bai. Esperientzia hura ondo asimilatzeko zorte ona izan nuen, eta gauza ondo atera zen”. Gero Euskaltel-Euskadiren aukera etorri zen, Poltirekin “pixka bat nekatuta” bukatu baitzuen: “Talde handia zen eta etxetik kanpo nengoen”.
Vaporettoen taldea 1998an utzi zuen, eta Euskal Herrira itzuli zen. Ez zuen bi alditan pentsatu: “Garai hartan Euskaltel ez zen gaur egun dena. Atzerapausoa zela zirudien, baina atzerapauso hura bi urrats aurrera egitea izan zen”. Euskaltel-Euskadik 2001ean egin zuen debuta Frantziako Tourrean, eta bederatzi hautatuetako bat izan zen Chaurreau. Gainera, inoiz itzuli handi batean lortu zuen postu onena eskuratu zuen. Hamabigarren izan zen. Roberto Laisekak etapa bat irabazi zuen urte hartan. “Oso zaila izan zen Tourraren lehenengo astea”, gogoratzen du Chaurreauk, “baina nik lehenengo hamarren ondoan ibiltzeko aukera izan nuen, eta Laisekak etapa bat irabaztekoa. Taldearentzat oso garrantzitsua izan zen hura”.
2002an, berriz, hainbat talderen eskaintzak eduki zituen, baina Frantziara jo zuen, Ag2r taldera. Talde horretara, gainera, Mikel Astarloza lehengusua eramateko aukera izan zuen. Aurreko bi taldeetan bezala, Ag2r-n ere “ilusio handiarekin” hasi zen. Oroitzapen “oso onak” ditu, gainera, bost denboraldiko egonaldiaz: “Batez ere eman ziguten tratuaz”.
2003an, garaipenaren zaporea
Lehenengo urteko emaitzak ez ziren espero zituenak izan. Bigarrenean,berriz, Chaurreaurengandik espero zuena jaso zuen Ag2r-ek: orduan lortu zuen pasaitarrak bere ibilbide profesionaleko garaipen bakarra. Espainiako Errepideko Txapelketan irabazle izan zen, erlojupekoan. Haren esanetan, garaipen hura ez zen hainbesterainoko ezustea izan: “Orokorrean igotzailea nintzen, baina erlojupekoetan ez nintzen hain gaizki moldatzen. Bi aste lehenago, Dauphine Liberen laugarren izan nintzela erlojupekoan eta ez zen hain arraroa izan”. Gainera, bi senide igo ziren podiumera: Chaurreau bera eta Astarloza.
Beste hiru denboraldi gehiago eman zituen Frantziako taldean, 2006ko denboraldiaren bukaeran bizikletaren gainetik jaitsi zen arte. “Utzi nuenean 33 urte nituen, eta mundu hori uzteko garaia zen. Beharbada, azkeneko unean, uzteak pena pixka bat eman zidan, baina jarraitzeko nituen aukerak ez ziren hain onak”.

