
'Andeetako leihoa'. Argazkia: Iasone Parada.
Udako argazkirik onenean elurra agertzen da. Andeetan atera zuen Iasone Parada oreretarrak, eta Andeak marko batean sartzeko abilezia izan du. Beraz, OARSO BIDASOKO HITZA-ren Udako Argazki Lehiaketaren sari nagusia Errenteria-Oreretara joan da berriz ere, eta hirugarren urtez jarraian, emakume batek irabazi du txapelketa: Iasone Paradak. Valentin argazkilaritza dendan gastatzeko 300 euroko bonoa jasoko du Paradak. Errenteria-Oreretako Valentin argazkilaritza dendako Irati Aizpuruak eta Amets Badiola argazkilariak osatu zuten argazki lehiaketako epaimahaia. Herenegun hautatu zuten argazkirik onena.
Horra Paradaren argazkia onena zela esateko erabili zituzten argudioak: «Bi enkoadraketa ditu irudiak, eta hori ondo egitea zaila da. Gainera, texturak ondo bereizten dira, eta nola ez, originala da».
Argazki onenaren sariaz gain, beste hainbat sari zeuden banatzeko. Lehiako bigarren argazki onena Imanol Pacheco errenteriarraren Lanean argazkia izan da, Senegalen jasoa; hirugarrena, berriz, Oskar Zapirain oiartzuarraren
Namaste 1 (Nepalen ateratakoa) izan da, eta laugarrena, Errenteria-Oreretako Maialen Monterok Benidormen ateratako eta giltzarrapoz josita dagoen argazki bat da. Beraz, azken hiru horiek, irabazlearekin batera, Hitza-ren poltsa jasoko dute.
Errenteriako argazki onenarentzako saria zuen prest ere Valentin dendak, 50 eurokoa, denda horretan materiala erosteko. Sari hori Imanol Pachecok jasoko du,
Lanean irudiagatik.
HITZA-ren argazki lehiaketara, denera, 58 argazki aurkeztu dituzte irakurleek. Gehienak Errenteria-Oreretako egileenak izan dira. Beraz, beste herrietakoak ere anima daitezela datorren urtean!