Xabier Cazorlaren lehen urrea urteko lehenengo txapelketan
Xabier Cazorla judoka lezoarra aurtengo garaipenen uzta handitzen ari da. Herenegun, Vigon (Galizia), urrezko domina lortu zuen lezoarrak, Cidade de Vigo Nazioarteko Sari Nagusian. Denboraldiko lehen txapelketa izan zen herenegungoa, eta ongi hasi du b...
Xabier Cazorla judoka lezoarra aurtengo garaipenen uzta handitzen ari da. Herenegun, Vigon (Galizia), urrezko domina lortu zuen lezoarrak, Cidade de Vigo Nazioarteko Sari Nagusian. Denboraldiko lehen txapelketa izan zen herenegungoa, eta ongi hasi du bidea Cazorlak. Aurrekoa ere ondo bukatu zuen, Europako Gaztediaren Olinpiar Jokoetan bosgarren postua lortuta.
Denboraldiko Super Kopa mailako hiru txapelketetako bat da Vigokoa. 66 kiloz azpiko kategorian lehiatu zen Cazorla, beste 21 areriorekin batera. Serie burua zen lezoarra, eta horregatik lehenengo kanporaketa ez zuen jokatu behar izan. Lehenengo borrokaldian Jose Ramirez Gaztela-Mantxako judoka gainditu zuen, ippon bidez. Bigarren borrokaldian lasaiago irten zen tatami-ra, eta yuko baten bitartez soilik irabaztea lortu zuen Cazorlak. Hirugarren borrokaldian, berriz, lehenagoko bidea hartu eta Rasmus Deckert suediarra ippon bidez gainditu zuen, 40 segundotan.
Finalean Riccardo de Lucca italiarra izan zuen arerio. Gogorra izan zen gainditzea, baina wazari bat eta yuko bat lortu zituen.
Hamaseigarren aldiz jokatu zuten Cidade de Vigo Nazioarteko Sari Nagusia. Guztira, Euskal Herriko judokez gain, Espainiako Estatuko 11 autonomia erkidegoko eta nazioarteko bost herrialdetako judokek hartu zuten parte. Hamasei kategoriatako borrokaldiak jokatu zituzten Vigon, eta domina gehienak alemaniarrek eta italiarrek eraman zituzten.