Real Unionen kontura, Amorebieta amets egiten hasi da
Ezustekoa ematen ari da Amorebieta talde bizkaitarra Bigarren B Mailako denboraldi hasieran. Larunbata arte partida bat galdu, bi berdindu, eta beste hiru irabaziak zituen, eta horri esker sailkapeneko lehen postuetan zegoen. Hori bai, partidako gol ba...
Ezustekoa ematen ari da Amorebieta talde bizkaitarra Bigarren B Mailako denboraldi hasieran. Larunbata arte partida bat galdu, bi berdindu, eta beste hiru irabaziak zituen, eta horri esker sailkapeneko lehen postuetan zegoen. Hori bai, partidako gol bat baino gehiago sartzen dakitela ez dute erakutsi joan den larunbat arte, eta Real Unionen kontura izan da hori. Amorebietak talde txuri-beltza aukeratu zuen larunbateko gol festarako (4-1).
Partidako lehen minututik aurrera beste guztia soberan izan zuten irundarrek, Candelasek lehen gola sartu zuenetik. Unionek ez zuen erantzuteko gaitasunik erakutsi eta atsedenaldia baino lehenago bizkaitarrek beste bi gol sartu zituzten.
Bigarren zatian ere ezinean
Bigarren zatian partidari buelta emateko asmoz zelairatu ziren txuri-beltzak, eta Alegrek 52. minutuan 3-1ekoa ezarri zuen. Baina bizkaitarrak ondo aritu ziren kontraerasoan, eta 72. minutuan Armanek partidako azken gola sartu zuen.
Horrenbestez 14. posturaino jaitsi dira irundarrak, 10 punturekin. Dagoeneko jaitsieratik igoeratik baino gertuago dago Union: jaitsierako lehen tokian den Palencia taldetik bi puntu eskasera, eta, aldiz, promozioko lehen tokitik, laura. Txuri-beltzek egoera horri buelta ematen hasteko lehen aukera datorren igandean izango dute, Palenciak bisitatuko baitu Irungo Gal Estadioa.

