Dena prest, gaurko Bertso Festa handirako
Dena prest dago Landare elkarteak antolatuta 19:30etik aurrera hasiko den bertso festarako. Goi mailako bertsolariak igoko dira oholtza gainera, Errenteria Hiria Kulturgunean egingo duten Bertso Festaren barruan. Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Amets ...
Dena prest dago Landare elkarteak antolatuta 19:30etik aurrera hasiko den bertso festarako. Goi mailako bertsolariak igoko dira oholtza gainera, Errenteria Hiria Kulturgunean egingo duten Bertso Festaren barruan. Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Jon Maia ariko dira saioan.
Urtero-urtero eskualdeko ordezkari batek ere parte hartzen du, eta azken urteetan Arkaitz Oiartzabal Xamoa izan bazen, aurten beste bati eman diote aukera parte hartzeko. Beste oiartzuar batek hartuko du lekukoa: Alaia Martinek.
Gai jartzaile moduan, berriz, Jon Ansa oreretarra ariko da.
Landare elkartea dabil bertso jaialdia aurrera eramateko lanetan, bide batez, euskara eta euskal kultura sustatzeko asmoz. “Landaretik euskal kulturarekin zerikusia duen edozein ekitaldi sustatzen dugu. Aurten, esaterako, Gazte Mailako Aurresku Txapelketaren XXV. urteurrena antolatu dugu”, adierazi du Juantxo Maiak.
Hogeigarren ekitaldiaren bueltan dabil Bertso Festa, baina antolatzaileek ez dakite zehazki zenbat urte egin dituen. Izan ere, hasiera batean bertsolaritzaz gain, dantza ere izaten zen egun horretan, baina orain punta-puntako bertsolariekin soilik egiten dute.
Antolatzaileek herritar guztiak animatu dituzte bertso jaialdira joatera, “guztien artean euskal kultura sustatzeko”. Sarrerarik ez daukatenek lortzeko aukera dute oraindik saioa hasi eta ordubete lehenago kulturguneko leihatilan salgai izango dituzte eta.

