Musika eskola, zenbakiek baldintzatuta
Ikasturte berriko lehenengo Udalbatzaren osoko bilkurak, 2011. urteko lanpostuen zerrenda aldatzeko diktamina onartu zuen irailaren 29an egindako saioan. Horren arabera, bertan behera gelditu da hiru urteko negoziazio prozesuaren ostean Tomas Garbizu Musika Eskolako irakasleek eta Lezoko Udalak aurreko legegintzaldian —iazko azaroaren 2an— sinatutako hitzarmena. Neurriak, lanaldi murrizketa suposatuko die musika eskolan jarduten duten hamabost irakasleetatik hamahiruri —beste biak funtzionarioak dira, jornada osoan—, eta administrariari: erabakiak haserrea piztu du musika eskolako irakasle eta baita guraso batzuen artean ere. Murrizketa hartzeko erabakia udalak bizi duen egoera ekonomiko “larriak” eragin duela azaldu du Haritz Salaberriak, Alkatetzaren aholkulari eta komunikazio arduradunak: «Alkateak plenoan aipatu zuen moduan erabaki hauek ez dira inoren gustuko, eta ez dira batere errazak ere. Diru sarrerak jaitsi dira eta horrek oso egoera larrian jarri du udala». Plenoak hartutako erabakiaren arabera, aurtengo ikasturteko irakasleen lanaldia 3,43koa izango da, Alkatetzaren datuen arabera. Salaberriak zehaztu duenez, “portzentaje hori egun indarrean dauden zentroko proiektu pedagogikoa eta gainontzeko legediak errespetatuta atera da”. Ez da neurri bakarra izango Aurreko legegintzaldia diru laguntza bereziei esker “salbatzea” lortu zutela azaldu du Salaberriak, «4,5 miloi euro lortu ahal izan ziren hirigintza planari esker. Aurtengorako aldundiak aurreikuspen positiboa egin zuen, baina azken hilabeteetan aurreikuspen beltza egin dute». Diru sarreren jaitsierak, [...]
Ikasturte berriko lehenengo Udalbatzaren osoko bilkurak, 2011. urteko lanpostuen zerrenda aldatzeko diktamina onartu zuen irailaren 29an egindako saioan. Horren arabera, bertan behera gelditu da hiru urteko negoziazio prozesuaren ostean Tomas Garbizu Musika Eskolako irakasleek eta Lezoko Udalak aurreko legegintzaldian —iazko azaroaren 2an— sinatutako hitzarmena.
Neurriak, lanaldi murrizketa suposatuko die musika eskolan jarduten duten hamabost irakasleetatik hamahiruri —beste biak funtzionarioak dira, jornada osoan—, eta administrariari: erabakiak haserrea piztu du musika eskolako irakasle eta baita guraso batzuen artean ere.
Murrizketa hartzeko erabakia udalak bizi duen egoera ekonomiko “larriak” eragin duela azaldu du Haritz Salaberriak, Alkatetzaren aholkulari eta komunikazio arduradunak: «Alkateak plenoan aipatu zuen moduan erabaki hauek ez dira inoren gustuko, eta ez dira batere errazak ere. Diru sarrerak jaitsi dira eta horrek oso egoera larrian jarri du udala». Plenoak hartutako erabakiaren arabera, aurtengo ikasturteko irakasleen lanaldia 3,43koa izango da, Alkatetzaren datuen arabera. Salaberriak zehaztu duenez, “portzentaje hori egun indarrean dauden zentroko proiektu pedagogikoa eta gainontzeko legediak errespetatuta atera da”.
Ez da neurri bakarra izango
Aurreko legegintzaldia diru laguntza bereziei esker “salbatzea” lortu zutela azaldu du Salaberriak, «4,5 miloi euro lortu ahal izan ziren hirigintza planari esker. Aurtengorako aldundiak aurreikuspen positiboa egin zuen, baina azken hilabeteetan aurreikuspen beltza egin dute».
Diru sarreren jaitsierak, gastuak murriztera eraman du ondorioz udala, Salaberriaren arabera: “2012an, urteko jardunean, 800.000 euro murriztu behar ditugu. Orain arteko gastuekin jarraituz gero, beraz, 800.000 euroko zuloa egingo luke urtero udalak, eta hori jasanezina litzateke”.
Horren harira Salaberriak azaldu du musika eskolakoa ez dela murrizketa bakarra izango: “Neurri sorta prestatzen ari gara egoera ekonomikoari aurre egiteko, baina aldez aurretik herritarrei jakinaraziko diegu, eta talde ezberdinen proposamenak jasotzen saiatuko gara”.
Erreferente kulturala
Musika eskolako irakasleek pairatuko dituzte neurriaren ondorioak, izan ere, lan jardunean egindako murrizketak “bi urtean irakasle bat eta erdi galtzea suposatuko duelako”, azaldu du Joxean Anduagak, eskolako langileen ordezkariak. Haserre daude neurriarekin, hitzarmena sinatu zutela urtebete baino gutxiago pasatu delako, “hiru urte luze negoziatzen izan ostean”. Hitzarmena adosteko irakasleek soldatetatik 30.000 euro galdu zituztela gogorarazi du Anduagak, “eta orain lortzea hainbeste kostatu zitzaigun hitzarmena bertan behera utzi eta murrizketa gehiago ezarri dizkigute”. Egoera ekonomikoa larria dela ukatu gabe, murrizketak hezkuntzara eramatea ezin dutela ulertu nabarmendu du Anduagak: “Musika eskolan musika heziketa lantzen dugu, eta murrizketak hezkuntzara iristen badira, bukatu dugu. Beste kontu bat murrizketa orokorra planteatzea litzateke, hitzarmenean igoerarik ez izatea. Neurri hori, agian, musika eskolaren bukaeraren hasiera da”.
1986. urtean sortu zenetik, Tomas Garbizu Musika Eskola erreferente kulturala bilakatu da herrian eta Oarsoaldean. “6.000 biztanle dituen herrian, 400 ikasle ari dira musika eskolan, eta horietatik 200 instrumentua ikasten ari dira. Lezon ez dago inor halako dinamika kulturala daramanik”, azaldu du irakasleen ordezkariak.
Kalitatea murriztu
Udalbatzarrak onartutako neurriarekin Tomas Garbizu Musika Eskolako irakasleen dedikazioa murriztuko dute. Azken horiek argi dute, murriztuko den bakarra ez dela euren dedikazioa izango: “Azken neurri horrek, eskolaren kalitatean ere izango du eragina. Talde bakoitzean ikasle gehiago sartu beharko dugu, eta ratioa errespetatzen bada ere, ez da gauza bera hamaika ikaslerekin aritzea edo hamazazpi izatea. Aurreko ikasturtean, hirugarren mailako hiru talde genituen eta aurten bi ditugu, ikasle kopuru berarekin”.
Udalarekin hitzarmena sinatu zutenean proiektu pedagogikoa landu zuten, eta horren barruan musika mintzairari dedikatutako orduak gutxiago izatea adostu zuten. “Astean bi izatetik, bat eta erdi izatera pasa ziren. Nahi zen mailara heltzeko ordu gutxiago nahiko zirela ikusi genuen, eta ez dugu uste horrek kalitatean eragin zuenik”, esan du Haritz Salaberriak. Irakasleek, berriz, oso bestela ikusten dute kalitatearen gaia: “Hitzarmenarekin egindako murrizketari taldeetan ari diren ikasle kopurua handitzea gaineratzen badiogu, argi dago eskolen kalitatea eta irakasleen dedikazioak ezin duela berdina izan”.
Matrikula kopurua murriztu
Azken urteetan Tomas Garbizu Musika Eskolako matrikula kopurua jaitsi dela aipatu du Salaberriak, “logikoa da, gainera, bizi dugun egoera ekonomikoaren ondorioz, gurasoek zailtasun gehiago izan ditzaketelako”.
Irakasleek matrikula kopuruaren jaitsiera oso txikia dela zehaztu dute, eta krisiaz gain bestelako arrazoiak ikusten dituzte horren atzean: “Proiektu pedagogikoaren barruan musika eskolaren dimentsionamendu berria landu genuen, eta horren arabera, egiten genuen eskaintza mugatu egin zen. Garai batean iristen ziren ikasle guztiak hartzen genituen. Hitzarmenaren ondotik, berriz, instrumentu bakoitzeko plaza kopurua mugatzen hasi ginen”. Horren ondorioz, musika eskolara jotzen duten ikasle batzuk beste eskoletara bideratu behar dituztela azaldu du Anduagak, “eta beraz, logikoa da matrikulazioa jaistea. Horrekin batera, proiektu pedagogikoan zehaztu genuen ikasleek ezin zutela 10 urte baino gehiago eman musika eskolan ikasketak egiten. Muga, beraz, gainetik eta azpitik jarrita, ez da harritzekoa matrikula batzuk galtzea”.
Neurri berriek eragin dituzten aldaketekin uste osoa dute irakasleek matrikulek behera egingo dutela: “Ikasle gehiago ditugu taldeetan, eta talde gutxiago, beraz eskaintzen dugun ordutegia ere mugatuago dago, horrek ezinbestean ikasle batzuk beste herrietako musika eskoletara jotzea ekarriko du”.
Azken murrizketa, ondoren etorriko diren beste batzuen hasiera izango ez ote den susmoa azaldu du Anduagak: “Erabakia mahai gainean uzteko eskatu genion Gobernu Batzordeari langileok, Enpresa Batzordeak eta baita gurasoek ere; hala ere, aurrera egin dute”. Udalbatzarraren ondotik elkartu ez badira ere, egoerari erantzuteko beharra nabarmendu du irakasleen ordezkariak: “Ezin dugu honen aurrean ezer gertatu ez balitz bezala gelditu”.

