Oarso Bidasoko langabeen kopurua, 10.000 lagunetatik oso hurbil
Irailean, abuztuan baino 95 langabe gehiago zeuden Oarso Bidasoan. Zehazki, Bidasoan 61 pertsonatan handitu zen langabezia, eta 34tan Oarsoaldean. Hala, bi eskualdeen artean 9.969 langabe daude denera, 5.321 Bidasoan (populazio aktiboaren %13,44, Gipuzkoako altuena) eta 4.648 Oarsoaldean (%13,11, Gipuzkoako bigarrena). Herrialdean langabezia tasarik baxuena duten eskualdeak Debagoiena (%8,91) eta Urola Kosta (%9,69) dira.
Iazko iraileko datuekin alderatuz, nabarmen igo da langabeen kopurua Oarsoaldean, %8,8 (iazko irailaren bukaeran 4.272 pertsona zeuden lanik gabe). Bidasoan berriz apalagoa izan da gorakada, %1,86koa (iazko irailaren azken egunean 5.224 langabe zueden Irunen eta Hondarribian).
Gipuzkoan, denera, 40.243 pertsona daude lanik gabe, populazio aktiboaren %11,3. 2010ean, irailaren bukaeran, langabezia tasa %10,89koa zen.