Moratoriaren alde eta errauste plantaren kontra egin du udalbatzarrak
Mozioak eta hauei erantzunez taldeek aurkeztutako testu alternatiboak osatu zuten atzo gaueko udalbatzarraren gidoia Pasaian. Hiru gai eztabaidatu zituzten mozio bidez: Eusko Jaurlaritzaren Diru Sarrerak Bermatzeko Lege berria, EBren ekimenez; San Markoko zabortegia, Bildu, EB eta PSE-EE taldeek aurkeztutako mozioen harira, eta azkenik, PPren ekimenez ETA gaitzesteari buruzko mozioa. Hiru eztabaidek jo zuten luze. PPk eta PSE-EEk kontra egin arren, Eusko Jaurlaritzaren lege berriak “pobrezia kriminalizatzen” duela defendatzen duen EBren mozioa bere egin zuen udalbatzarrak EBren, EAJren eta Bilduren aldeko botoekin. San Markoko zabortegiari dagokionez, bi mozio onartu zituen plenoak: EBrena eta Bildurena. PSE-EEk aurkeztutakoa ez zen aurrera atera, PPren eta EAJren babesa lortu arren. PSE-EEk San Markoko zabortegia ixteko konpromisoa berresteko eskatu zion udalbatzarrari, eta baita zabortegiaren eremua berreskuratzeko konpromisoa har zezala ere, 2012rako birziklatu ezin den zaborra nora eraman ez dela izango argudiatuz. Bilduk, aldiz, errauste plantarako moratoria eskatu eta hondakinen kudeaketarako alternatibak ahalik eta azkarren planteatuko dituela iragarri zuen, beti ere, gutxitzearen, birziklatzearen eta berrerabiltzearen aldeko apustua eginez. San Markoko zabortegia irekitzeko inongo asmorik ez duela berretsi zuen, eta mozioa, kasu honetan, PSE-EEk bere mozioaren testuan udalari eta aldundiari interpelazio zuzena egiten dielako aurkeztu dutela argitu zuten. EBk, bere aldetik, PSE-EEk herritarrak beldurtu nahi dituela esan zuen, [...]
Mozioak eta hauei erantzunez taldeek aurkeztutako testu alternatiboak osatu zuten atzo gaueko udalbatzarraren gidoia Pasaian. Hiru gai eztabaidatu zituzten mozio bidez: Eusko Jaurlaritzaren Diru Sarrerak Bermatzeko Lege berria, EBren ekimenez; San Markoko zabortegia, Bildu, EB eta PSE-EE taldeek aurkeztutako mozioen harira, eta azkenik, PPren ekimenez ETA gaitzesteari buruzko mozioa. Hiru eztabaidek jo zuten luze.
PPk eta PSE-EEk kontra egin arren, Eusko Jaurlaritzaren lege berriak “pobrezia kriminalizatzen” duela defendatzen duen EBren mozioa bere egin zuen udalbatzarrak EBren, EAJren eta Bilduren aldeko botoekin.
San Markoko zabortegiari dagokionez, bi mozio onartu zituen plenoak: EBrena eta Bildurena. PSE-EEk aurkeztutakoa ez zen aurrera atera, PPren eta EAJren babesa lortu arren. PSE-EEk San Markoko zabortegia ixteko konpromisoa berresteko eskatu zion udalbatzarrari, eta baita zabortegiaren eremua berreskuratzeko konpromisoa har zezala ere, 2012rako birziklatu ezin den zaborra nora eraman ez dela izango argudiatuz. Bilduk, aldiz, errauste plantarako moratoria eskatu eta hondakinen kudeaketarako alternatibak ahalik eta azkarren planteatuko dituela iragarri zuen, beti ere, gutxitzearen, birziklatzearen eta berrerabiltzearen aldeko apustua eginez. San Markoko zabortegia irekitzeko inongo asmorik ez duela berretsi zuen, eta mozioa, kasu honetan, PSE-EEk bere mozioaren testuan udalari eta aldundiari interpelazio zuzena egiten dielako aurkeztu dutela argitu zuten. EBk, bere aldetik, PSE-EEk herritarrak beldurtu nahi dituela esan zuen, errauste planta egin ezean San Markoko zabortegia berriro ireki beharko dela sinistu araziz. Errauste plantaren kontrako jarreran berretsi zen EBren zinegotzi Xabier Pombo.
ETAren biolentzia gaitzesteko PPren mozioa
Gai zerrendan hirugarren mozioa PPrena izan zen, ETAren biolentzia gaitzestearen gainekoa. ETAri desegiteko eta armak emateko exijitzen zion testua aurkeztu zion udalbatzarrari PPk, eta gainontzeko taldeek, erantzun egin zioten: EBk eta EAJk elkarrekin landutako mozio baten bidez, eta PSE-EEk udalbatzarrean bertan berea aurkeztuz. Bilduk, bere aldetik, eztabaida bere horretan “antzua” zela iritzita, eta “bakea denon egitekoa” dela argudiatuta, botatzeri uko egin zion, “bakea lortzea ez dela aritmetika kontua” defendatuz, eta ez dela “gutxiengo eta gehiengoen baitan lortuko” argudiatuz. Egoera politiko berrian “bakea eta demokrazia lehentasunak” direla defendatu zuen Bilduk, eta udala horretan indarra jarriko duela iragarri zuen, herriko eragile guztiak horiek lortzeko bidean pausuak ematera deituz. PSE-EEk, bestalde, PPren mozioak biktimen oroimenari tarte eskaintzen ez zielako aurkeztu zuen mozio alternatiboa, eta EBk eta EAJk, besteak beste, aldez aurretik gehiago hitz eginez babes askoz ere zabalagoa lor zezakeen testua adostea bezala iritzita. Iritziak iritzi, norbere testuaren alde egin zuenez, eta Bilduko zinegotziak botatzeari uko egin ziotenez, mozioak ez ziren aurrera atera.

