Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña izango dira Bertso Festako izarrak
Goi mailako bertsolariak igoko dira larunbatean, Errenteria Hiria Kulturgunean egingo duten Bertso Festara. Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña izango dira kartelburuak, baina alboan ez dituzte bertsolari makalak izango: Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Jon Maia. Urtero-urtero eskualdeko ordezkari batek ere parte hartzen du, eta azken urteetan Arkaitz Oiartzabal Xamoa izan bazen, aurten beste bati eman diote aukera parte hartzeko. Beste oiartzuar batek hartuko du lekukoa: Alaia Martinek. Gai jartzaile moduan, berriz, Jon Ansa oreretarra ariko da. Beste urteetako martxari jarraituz, herrira punta-puntako bertsolariak ekartzea izan da aurten ere antolatzaileen helburua, eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalean izandakoak dira sei bertsolaritatik bost. Asmoa da jaialdi “indartsua” egitea, eskualdeko bertsolariren bat ere kartelera eramanez. Landare elkartea dabil bertso jaialdia aurrera eramateko lanetan, bide batez, euskara eta euskal kultura sustatzeko asmoz. “Landaretik euskal kulturarekin zerikusia duen edozein ekitaldi sustatzen dugu. Aurten, esaterako, Gazte Mailako Aurresku Txapelketaren XXV. urteurrena antolatu dugu”, adierazi du Juantxo Maiak. Hogeigarren ekitaldiaren bueltan dabil Bertso Festa, baina antolatzaileek ez dakite zehazki zenbat urte egin dituen. Izan ere, hasiera batean bertsolaritzaz gain, dantza ere izaten zen egun horretan, baina orain punta-puntako bertsolariekin soilik egiten dute. Niessen betetzera doaz Antolatzaileen asmoa beste urte batez Errenteria Hiria Kulturgunea betetzea da. Bertso Festa [...]
Goi mailako bertsolariak igoko dira larunbatean, Errenteria Hiria Kulturgunean egingo duten Bertso Festara. Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña izango dira kartelburuak, baina alboan ez dituzte bertsolari makalak izango: Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Jon Maia.
Urtero-urtero eskualdeko ordezkari batek ere parte hartzen du, eta azken urteetan Arkaitz Oiartzabal Xamoa izan bazen, aurten beste bati eman diote aukera parte hartzeko. Beste oiartzuar batek hartuko du lekukoa: Alaia Martinek.
Gai jartzaile moduan, berriz, Jon Ansa oreretarra ariko da.
Beste urteetako martxari jarraituz, herrira punta-puntako bertsolariak ekartzea izan da aurten ere antolatzaileen helburua, eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalean izandakoak dira sei bertsolaritatik bost. Asmoa da jaialdi “indartsua” egitea, eskualdeko bertsolariren bat ere kartelera eramanez.
Landare elkartea dabil bertso jaialdia aurrera eramateko lanetan, bide batez, euskara eta euskal kultura sustatzeko asmoz. “Landaretik euskal kulturarekin zerikusia duen edozein ekitaldi sustatzen dugu. Aurten, esaterako, Gazte Mailako Aurresku Txapelketaren XXV. urteurrena antolatu dugu”, adierazi du Juantxo Maiak.
Hogeigarren ekitaldiaren bueltan dabil Bertso Festa, baina antolatzaileek ez dakite zehazki zenbat urte egin dituen. Izan ere, hasiera batean bertsolaritzaz gain, dantza ere izaten zen egun horretan, baina orain punta-puntako bertsolariekin soilik egiten dute.
Niessen betetzera doaz
Antolatzaileen asmoa beste urte batez Errenteria Hiria Kulturgunea betetzea da. Bertso Festa jaialdi erakargarria izaten da herritarrentzat, eta asko izaten dira sarrerarik gabe geratzen direnak: “Agertoki handiago batean egitea gustatuko litzaiguke, baina ez daukagu besterik”, zehaztu du Maiak.
Dena dela, herritar guztiak animatu dituzte bertso jaialdira joatera, “guztien artean euskal kultura sustatzeko”. Sarrerak dagoeneko salgai daude 10 euroan Landare eta Arkaitza tabernetan eta Xenpelar kultur dendan. Saioa hasi eta ordubete lehenago ere erosteko aukera izango da kulturguneko leihatilan.