Alex Agirretxe laugarren Mallorcako Ironmanean
Podiumera igotzetik gutxira geratu zen Alex Agirretxe Mallorcako Ironman proban, eta laugarren egin zuen. Ibilbidea osatzeko 3,8 kilometro igerian, 180 kilometro bizikletan eta 42,2 kilometro korrika egin behar izan zituen EATeko triatletak eta 8 ordu ...
Podiumera igotzetik gutxira geratu zen Alex Agirretxe Mallorcako Ironman proban, eta laugarren egin zuen. Ibilbidea osatzeko 3,8 kilometro igerian, 180 kilometro bizikletan eta 42,2 kilometro korrika egin behar izan zituen EATeko triatletak eta 8 ordu eta 58 minutuan egin zituen.
Igerian egiteko itsasoa oso baldintza honetan zegoen, eta Agirretxek hamabosgarren tokian bukatu zuen uretako zatia. Triatletaren arabera, hasieran behar baino denbora gehiago galdu zuen sabelean arazoak izan zituelako.
Bizikletaren gainean eduki zituen lasterketako momenturik onenak. 60. kilometrorako lasterketaren burua bost minutura zeukan, eta 120. kilometroan harrapatu zuen, hainbat kilometrotan buruan izan zen. Hala ere, indar asko galdu zuen lehenengoarengana iristen, eta azken 40 kilometroak “gogorrak” egin zitzaizkiola adierazi du Agirretxek.
Lasterka, berriz, bigarren tokian zebilen errenteriarra, baina atzetik zetozen bi korrikalarik pasatzea lortu zuten. 4 kilometro faltan, bosgarren triatleta minutu batera zeukala jakinarazi zioten, eta “ahal zen tokitik indarrak aterata” helmuga zeharkatu zuen. Lasterketaren buruan izan ondoren, laugarren tokia gutxitzat jo du Agirretxek: “Hotzean pentsatuta, ordea, hiru triatleta profesionalekin aritu naiz borrokan, beraz, pozik egon naiteke”.
Hurrengo lasterketa azaroaren 27an izango da Mexikon, eta triatleta profesional ugari izango direla jakinarazi du Agirretxek.

