Irailean jarriko dute martxan adineko pertsonen eta ezinduen etxeko laguntza
Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietarako Sailak lankidetza hitzarmena sinatu du Matia Fundazioarekin. Hitzarmen horren bidez, ikerketa eta proiektu pilotua jarriko dute martxan irailean Oiartzunen, “mendetasun egoeran dauden edo desgaitasuna duten adineko pertsonen arreta hobetzeko zerbitzu eta metodologia egokienak identifikatzeko”. Etxean ondo izena du proiektuak. Pertsona helburu duen arreta integralerako ereduan aurrera egitea da asmoa, Jaurlaritzako Emilio Solak gaurko aurkezpenean nabarmendu duenez, hori baita Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) finkatu nahi duten eredua. Aurkezpenean izan dira Pello Aramendi Gizarte Ongizate zinegotzia eta Aitziber Zubillaga Matia Fundazioko ordezkaria ere. Zubillagak nabarmendu duenez, ekimen horren berritasunik handiena da etxeko laguntza integralerako proiektu pilotua: “Hainbat formula ebaluatuko ditugu, adinekoak eta desgaitasuna duten pertsonak ohiko etxebizitzan ahalik eta denbora gehien eta bizi kalitateko baldintzarik hoberenetan egon daitezen, eta gizartean bete-betean parte hartu eta integratu daitezen, nolako zerbitzuak eta zer esku-hartze eredu beharko diren erabakitzeko”. Proiektua EAEko bost herritan gauzatuko dute urte eta erdiz: Donostian, Tolosan, Zarautzen, Irunen eta Oiartzunen. Gero eta heldu gehiago Pello Aramendi zinegotziak gogorarazi duenez, gero eta heldu gehiago daude, gero eta urte gehiago bizitzen garelako. Eta helduen beharrei erantzuteko egokitu behar dira zerbitzuak. Hala, azaldu du, Etxean ondo proiektuaren ikerketaren ondoren udalak txostena jasoko duela, eta ildo estrategikoak eskuan, gizarte politika [...]
Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietarako Sailak lankidetza hitzarmena sinatu du Matia Fundazioarekin. Hitzarmen horren bidez, ikerketa eta proiektu pilotua jarriko dute martxan irailean Oiartzunen, “mendetasun egoeran dauden edo desgaitasuna duten adineko pertsonen arreta hobetzeko zerbitzu eta metodologia egokienak identifikatzeko”. Etxean ondo izena du proiektuak.
Pertsona helburu duen arreta integralerako ereduan aurrera egitea da asmoa, Jaurlaritzako Emilio Solak gaurko aurkezpenean nabarmendu duenez, hori baita Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) finkatu nahi duten eredua. Aurkezpenean izan dira Pello Aramendi Gizarte Ongizate zinegotzia eta Aitziber Zubillaga Matia Fundazioko ordezkaria ere.
Zubillagak nabarmendu duenez, ekimen horren berritasunik handiena da etxeko laguntza integralerako proiektu pilotua: “Hainbat formula ebaluatuko ditugu, adinekoak eta desgaitasuna duten pertsonak ohiko etxebizitzan ahalik eta denbora gehien eta bizi kalitateko baldintzarik hoberenetan egon daitezen, eta gizartean bete-betean parte hartu eta integratu daitezen, nolako zerbitzuak eta zer esku-hartze eredu beharko diren erabakitzeko”.
Proiektua EAEko bost herritan gauzatuko dute urte eta erdiz: Donostian, Tolosan, Zarautzen, Irunen eta Oiartzunen.
Gero eta heldu gehiago
Pello Aramendi zinegotziak gogorarazi duenez, gero eta heldu gehiago daude, gero eta urte gehiago bizitzen garelako. Eta helduen beharrei erantzuteko egokitu behar dira zerbitzuak.
Hala, azaldu du, Etxean ondo proiektuaren ikerketaren ondoren udalak txostena jasoko duela, eta ildo estrategikoak eskuan, gizarte politika nola antolatu hobeto jakingo dutela. Txosten hori publikoa izango da eta herritarrek eskura izango dute.
Aramendik zehaztu zuenez, beraz, proiektua praktikoa baino teorikoa izango da gehiago: “Populazioa zahartzen ari da, eta egoera horri erantzuteko ondo definitu behar ditugu estrategiak, eta baliabideak ez xahutu edonola. Gizarte politika egokia aurrera eramateko lagungarria izango da proiektua”.
Osasun eta gizarte zaintzak
Solak, bestalde, gogorarazi du adinekoek nahiago dutela etxean zahartu, edo inguruan. Proiektu honekin, osasun eta gizarte zaintzak izango dituzte ezinduek eta helduek etxean: “Otorduak, garraioak, podologia, fisioterapia, arropa garbiketa, liburutegi mugikor zerbitzua…”.
Horrez gain, senideei eta zaintzaileei ere laguntza emango dietela zehaztu du. “Helduei eta ezinduei euren ingurunean jarraitzen lagundu behar diegu, ahalik eta autonomia gehienarekin, eta zaintzaileak ere zaindu behar dira”, esan du.
Matiako Aitziber Zubillagak, berriz, nabarmendu du gizarte politikan egingo diren hobekuntzak gizarte hobeagoa dutela helburu: “Partaidetza bultzatuko dute, belaunaldien arteko harremanak hobetu… Azken finean, bizi kalitatea hobetzea da asmoa, eta beharrak dituen pertsonan arreta jartzea”.
Gogorarazi du, era berean, hobekuntzak aurrera aterako badira, denen artean izango dela: “Proiektuaren metodologia parte hartzailea da, eta denen ekarpenak behar ditugu”.
Gaur liburutegian egin duten aurkezpenaren ondoren, solasaldia egin dute bertaratu zirenekin. Hainbat alorretako eragileak izan dira liburutegian, baita hainbat norbanako ere. Aurrerantzean ere, zenbait mintegi eta tailerren bitartez antolatuko dute parte hartze prozesua, proiektua denen artean osatzeko.