Hondarribia eta San Juan, Gipuzkoako Txapelketan faborito

Gaur lehiatuko da Donostiako Kontxan, 18:30etik aurrera, Gipuzkoako Traineru Txapelketa. Eguraldi nahasia izango dute parte hartzaileek iragarpenen arabera, itsaso zakarrarekin. Hala ere, Oarso Bidasoko zazpi traineruk parte hartuko dute herrialdeko txapelketan. Gizonetan, txapela irabazteko faborito nagusienak Hondarribia eta San Juan dira. Emakumeetan, zaila izango dute Hondarribiak eta San Juanek Getaria-Tolosaren mailara iristea. Hibaika, Trintxerpe-Illunbe, San Pedro, San Juan eta Hondarribiak parte hartuko dute gizonen lehian. Errenteriarrak eta trintxerpetarrak lan duina egiten saiatuko dira, txapelaren bila joateko kinieletan ez baitira sartzen. San Pedro erdipurdi dabil San Miguel Ligan, eta hortaz, Hondarribia eta San Juan dira gizonetan faborito nagusiak. Izan ere, Oriok ez du ondo hasi denboraldia, eta San Miguel Ligan Zumaia erakusten ari da ez dagoela hondarribiarren eta sanjuandarren mailan. Txapelak Oarso Bidasora etortzeko aukera asko ditu, baldin eta itsasoaren egoerak ezustekorik ematen ez badu. Emakumeetan Getaria-Tolosa da faborito nagusiena. San Juan ondo dabil emakumeen ligetan, baina ez dira oraindik iritsi Getaria-Tolosaren mailara. Hondarribiko neskak, aldiz, aulki mugikorretik trainerura egokitzen ari dira, eta oraingoz, ezin zaie asko eskatu.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.