Hiru elkarte gehiago, Euskara Elkartera egitasmoan
Aurten beste hiru elkartek elkarlanerako prestutasuna agertu dute, Euskara Elkartera egitasmoarekin bat eginez. Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunean eta Oiartzungo Udalean gustura hartu dute berria. Irati Etxebeste Madariaga, euskara zinegotziak dioenez, “elkarte askorengan eragiten den arren, oraindik ere elkarte ugari daude egitasmotik kanpo. Egitasmoa irekia da, euskararen erabilera indartzeko prest dagoen edozein elkartek du tokia bertan”. Eta horren isla dira hiru elkarte berriak: Txost Pilota Elkartea, Ibargain elkartea eta Herri Musikaren Txokoa. Hitzarmenik ez dute sinatu, aurrekoak sinatu zirenetik hiru urte pasatuta dagoeneko fase hori bukatzen ari delako, eta aurrera begira zein pauso eman aztertzen hasiak direlako elkarteak, Ttur-ttur eta Udala. Baina, modu batera edo bestera, gai zehatzetan parte hartuz, edo konpromiso zehatz batzuk betez, euren ekarpena egiteko asmoa eta konpromisoa adierazi dute elkarteok. Elkarte berrien izaera desberdina nabarmendu du Irati Etxebestek: “Txost Pilota Elkartea elkarte berria da. Sorreratik euskaraz jaioa, euskaraz egin dituzte egin beharreko paper guztiak, eta beraien egunerokoan ere euskara da nagusi, Oiartzunen, baita Oiartzundik kanpo doazenean ere. Naturaltasunez egiten dute, eta beste elkarte askorentzat eredugarri izan daitezkeela uste dugu”. Imanol Nazabal Txosteko kideak egindako lana nabarmendu du: “Euskaraz egin dugu dena, modu naturalean, eta honekin guk egindako lanari balioa emango diogu. Harro gaude egindakoaz eta lanean jarraituko dugu”. [...]
Aurten beste hiru elkartek elkarlanerako prestutasuna agertu dute, Euskara Elkartera egitasmoarekin bat eginez.
Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunean eta Oiartzungo Udalean gustura hartu dute berria. Irati Etxebeste Madariaga, euskara zinegotziak dioenez, “elkarte askorengan eragiten den arren, oraindik ere elkarte ugari daude egitasmotik kanpo. Egitasmoa irekia da, euskararen erabilera indartzeko prest dagoen edozein elkartek du tokia bertan”.
Eta horren isla dira hiru elkarte berriak: Txost Pilota Elkartea, Ibargain elkartea eta Herri Musikaren Txokoa.
Hitzarmenik ez dute sinatu, aurrekoak sinatu zirenetik hiru urte pasatuta dagoeneko fase hori bukatzen ari delako, eta aurrera begira zein pauso eman aztertzen hasiak direlako elkarteak, Ttur-ttur eta Udala. Baina, modu batera edo bestera, gai zehatzetan parte hartuz, edo konpromiso zehatz batzuk betez, euren ekarpena egiteko asmoa eta konpromisoa adierazi dute elkarteok.
Elkarte berrien izaera desberdina nabarmendu du Irati Etxebestek: “Txost Pilota Elkartea elkarte berria da. Sorreratik euskaraz jaioa, euskaraz egin dituzte egin beharreko paper guztiak, eta beraien egunerokoan ere euskara da nagusi, Oiartzunen, baita Oiartzundik kanpo doazenean ere. Naturaltasunez egiten dute, eta beste elkarte askorentzat eredugarri izan daitezkeela uste dugu”.
Imanol Nazabal Txosteko kideak egindako lana nabarmendu du: “Euskaraz egin dugu dena, modu naturalean, eta honekin guk egindako lanari balioa emango diogu. Harro gaude egindakoaz eta lanean jarraituko dugu”.
Ibargain elkartea dagoeneko zenbait konpromisotan parte hartzen ari da, esate baterako, elkartea kudeatzeko programa informatikoak euskaraz jartzen.
Herri Musikaren Txokoa, berriz, dagoeneko pauso asko emandako elkartea da, baina oraindik ere zeregina badagoela uste du. Honela azaldu du Orkatz Arbelaitzek: “Ia dena egiten dugu euskaraz guk ere, modu naturalean. Hori azaltzea, kaleratzea, garrantzitsua iruditzen zaigu, eta horretarako ere bada Euskara Elkartera egitasmoa. Horrez gain, lanean jarraituko dugu, noski”.
Bide horretan, hornitzaileei idatzizko harremana euskaraz eskatzeko konpromisoarekin bat egin du Herri Musikaren Txokoak, egitasmoko beste zenbait elkarterekin.

Axun Erzibengoa (Ttur-Ttur); Orkatz Arbelaitz (Herri Musikaren Txokoa); Imanol Nazabal (Txost); Xabier Mendiburu (Ibargain); Aitziber Arnaiz (Euskara teknikaria) eta Irati Etxebeste (Euskara zinegotzia).
Egitasmoaren izaera
Euskara Elkartera egitasmoa 2006an sortu zen elkarteetan euskararen erabilera indartzeko helburuarekin. 30 bat elkartek Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunearekin eta Oiartzungo Udalarekin batera hitzarmena sinatu zuten, Hitzarmen Orokorra lehenik, eta ondoren, 2008an, elkarte bakoitzak hitzarmen zehatza sinatu zuen.
Euskararen erabilera indartzeko konpromisoak hartu zituzten hitzarmen zehatz horietan. Ordutik, hitzarmen zehatzetan hartutako konpromisoak betetzeko pausoak eman dituzte elkarteek.
Konpromisoak asko eta desberdinak dira: errotuluak euskaraz jartzea, kartelak zuzentzea, programa informatikoak euskaraz jartzea, web orrialdeetako edukiak zuzentzea, elkarteetako barne idatziak zuzentzea, estatutuak euskaratzea, izena euskaraz jartzea, kideen artean euskaraz aritzea….
Batzuk, euskararen ezagutzari lotuta daude, besteak ahozko harremanei, edo irudiari eta errotulazioari lotuta.
Konpromiso horiek betetzeko ahaleginean Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneko Euskara Elkartera egitasmoko suspertzailearen laguntza izan dute elkarteek.
Axun Erzibengoa suspertzaileak dioenez, “konpromisoaren arabera laguntza mota aldatzen da, batzuetan aholkulari lana egiten dugu, besteetan informazioa bildu eta eman, beste batzuetan testuak zuzendu edo itzuli, edo diru-laguntzak bideratu. Adibidez: elkartearen estatutuak aldatzeko gestioak erregistroan; elkarteen izenak egoki idazteko kontsultak; web orrietarako zuzenketak eta itzulpenak; edozein testu idaztean sortutako zalantzak argitzeko saiakerak, elkarteetan jartzeko oharrak egin, terminologia konkretua lantzeko euskarriak sortu, eta abar”.
Izan ere, egitasmoan dauden elkarteak ere izaera desberdina dute: kirol elkarteak dira, auzo elkarteak, kultur elkarteak, denetarik dago, eta elkartearen arabera konpromisoak eta beharrak asko aldatzen dira.
2008an 29 elkartek sinatu zituzten Hitzarmen Zehatzak. Urteotan, horietako batzuk desagertu egin dira, edo beren jarduera bertan behera utzi dute. Izan ere, Erzibengoak gogorarazi duenez, “elkarteak oso aldakorrak dira”.
Dena den, 30 elkarte inguruk jarraitzen dute egitasmoari lotuta, lehengoak eta orain batu direnak (behean).
Oraindik parte hartzen ez dutenei, bestalde, egitasmoarekin bat egiteko deia egin diete Ttur-tturretik.
Elkarteak
- Aldeguna elkartea.
- Altzibarko Bilera elkartea.
- Artaso elkartea.
- Bizardia elkartea.
- Doneztebe parrokia.
- Elizaldetarrak Judo Elkartea.
- Girizia elkartea.
- Girizia Mendi Elkartea.
- Girizia Sokatira Taldea.
- Giriziako pilota saila.
- Goiko Eskola Kulturgune Okupatua.
- Harri Beltza elkartea.
- Ibargain Musika Eskola.
- Iturriberri elkartea.
- Kataxulo Gaztetxia.
- Killirikupe elkartea.
- Lartaun Txistulari Taldea.
- Margosoro Akademia.
- Oarsoaldea Igeriketa Elkartea.
- Oiarpe Kirol Elkartea.
- Oiartzun Irratia.
- Oiartzun Kirol Elkartea.
- Oiartzungo Bertsolari Elkartea.
- Oiartzungo Emakume Taldea.
- Oiartzungo Kenpo Kai Elkartea.
- Saskilagunak Saskibaloi Taldea.
- Txost Pilota Elkartea.
- Ibargain Elkartea.
- Herri Musikaren Txokoa.

