Agustin Migeltorenak (Antxo, 1958) 11 urte pasa ditu Pasaia-Lezo Lizeoko zuzendari karguan. Oraindik ez dio bere karguari utzi, Lizeoko irakasle asko ari baitira lanean, zuzendaritzako langileez gain. Elena Mendiak ordezkatuko du eta bera irakasle izatera itzuliko da.
Zenbat aldatu da Lizeoa hamalau urte hauetan?
Kilometroetatik [1997an ospatu zuten] Kilmetroetara [iazko ekitaldia] izan den zikloa da. Ikastolaren egoera finkatu egin da. 1997an, ikastola publifikazio fase horretatik atera berria zen —1993an izan zen—, eta urte haiek oso txarrak izan ziren. Matrikulazio aldetik, demografikoki oso txarrak izan zirelako urte haiek, eta ez bakarrik gure ikastolarentzako. Lizeoak ikastola mantentzearen aldeko hautua egin zuen, eta barruan zauria utzi zuen, aldeko bozkak alde txikiarengatik irabazi baitzuen. 1997ko Kilometroek, sosa pixka bat jasotzeaz gain, barne kohesiorako ere balio izan zuten. Indar harekin eta kemenarekin buelta eman zaio. Indikatzaileek diote barne kohesio handia dagoela, egoera ekonomikoa ona dela —saneatua dago ekonomia—. Egia da krisi garaian gaudela eta egoera honen aurretik hartutako erabaki batzuen zama eramaten ari gara. Antxoko ikastola martxan jarri genuen, Lezokoa eraikitzen ari gara… Kontziente gara zailtasun urteak izan daitezkeela, nahiz eta ekonomia sanetua dagoen. Hala ere, baikorra naiz. Oso gustura egon naiz lan taldearekin, erabakiak kolegiatuak dira; ez da egitura oso bertikala.
Egindako lanarekin gustura, beraz.
Bai, bai. Lehenengo urte haiek oso gogorrak izan ziren. Ni zuzendari izan naizen bitartean lau presidente egon dira, eta horiekin oso ongi. Guraso talde oso potente bat egon da ere eta eurek indarra eman diote hezkuntza proiektuari. Izugarri positiboa izan da elkarlana.
Zein erronka izango ditu Lizeoak?
Lezoko eraikina hor dago. Hasiera batean datorren ikasturtean ireki nahi genuen, baina urtarrilean hasiko gara. Haur Hezkuntzako lehenengo zikloarekin hasiko gara, baita lehenengo mailakoekin ere. 2012tik aurrera progresiboki zabalduko ditugu lerro gehiago. Erronka ekonomikoa ere egongo da, oreka horri eustea. Gainera, ikastolaren sorreran sartu ginen belaunaldia zahartzen ari gara. Hainbat erretiratze izan ditugu, eta datorren urtetan ere, lan erreforma basati honek ez badigu eragozten, era progresibo batean gertatuko da aldaketa ematen. Belaunaldi gazteek ikastola bere senti dezan da erronka. Konpromisoa, militantzia… lana, azken finean. Pedagogikoki, euskal kurrikuluma ezartzen joan nahi dugu. Gainera, konpetentzia ere sartu nahi dugu. Pedagogian konpetentzia azaldu da: ez da edukiak ikastea, baizik eta ikasitako hori erabiltzen jakin behar da.
Lezora itzuliz. Ikastolaren izena Pasaia-Lezo Lizeoa da. Lezon egoitza berria eraikiz, izena eta izana bermatu nahi da?
Bai. Lizeoa bost ikastola txikik sortu zuten, Pasaiako lau barrutietakoek eta Lezokoak. Lizeoa bera Donibanen egonda, Pasaiakoa bakarrik dela dirudi. Sortzaileek Donibanen jarri zuten Lizeoa, ziurrenik hala behar zelako. Baina gero herrietara hurbiltzeko apostua egin genuen, gutxienez Haur Hezkuntzan. San Pedron badugu, Antxon ere, Donibanek izan zuen eta Lezon falta zen. Lezoko ikastolazaleek behar zuten. Aukera izan dugu eta horretanari gara.
1997ko Kilometroen ondoren hartu zenuen zuzendari kargua. 2010ekoen ondoren utzi diozu. Nola izan da jaialdi horren bi ekitalditan buru belarri sartuta egotea?
Kilometroak iristen direnerako, gauza asko egin izan dira lehenago. Bigarrenean lehenengoan baino protagonismo handiagoa izan nuen, baina ezin esan daiteke pertsona batek pertsona batek protagonismoa duenik. Auzolan izugarria da. Gurasoak dira protagonista nagusiak. Hainbat sentsazio daude; indartsuena zerbaiten parte izatearen sentsazioa da. Hala ere, aje pixka bat uzten du hurrengo egunean! [barre egiten du]. Galdera balitz ‘
beste behin egingo zenuke?’, erantzuna izango litzateke beste puska baterako ez. Baina esperientzia polita da. Horrelakoetan sortzen dira ez ulertuak eta horrelakoak, humanoak gara. Balantzea egitean, hala ere, positiboa da.
Zergatik utzi duzu momentu honetan?
Ez da ezer pertsonala. 1997an sartu ginen taldeak genioen nola edo hala eutsi behar geniola ikastolari, indikatzaileek ikastola gaizki zegoela ziotelako. Irakasle lana utzi nuen eta kudeaketa lanean hasi nintzen. Orduan pentsatzen duzu ‘
jubilatu arte ala aldi baterako egongo naiz lanean?’. Azken finean, ziklo bat da. Irakaskuntza oso egonkorra da, eta errutina aldatzeko aukera baldin badago, hori hartu behar da.