Batzordeak osatu dituzte legegintzaldiko lehen plenoan
Lezoko Udal Gobernu Taldea eta batzordeak osatu zituzten pasa den ostegunean egin zuten plenoan. Legegintzaldiko lehenengo osoko bilkura izan zen. Kargua hartzeko falta zen zinegotziak, PSE-EEko Mikel Antxon Arrizabalagak kargua hartu zuen, ekainaren 11n ezin izan baitzuen hartu. Erabakiei dagokienez, Eneko Lartige izango da lehenengo alkateordea. Bere atzetik Ainhoa Intxaurrandieta, Angel Portugal eta Luis Garrido daude. Bost horiek osatuko dute Udal Gobernu Taldea. Tokiko gobernu batzarraren ordezkaritzak ere izendatu zituzten. Lartige Hirigintza, Ingurumen, Obra eta Zerbitzuetako zinegotzia izango da. Ainhoa Intxaurrandieta Ogasuneko zinegotzi izango da. Ainhoa Zabalo alkateak hartuko ditu beregain gainontzeko guztiak. Plenoak, ostegunetan Udalbatzak plenoen maiztasuna ere erabaki zuen pasa den ostegunean. Horrela, hilabeteko bakoitietako azken ostegunean egingo dituzte bilkurak, eta jaia izango balitz, hurrengo ostegunean egitea erabaki zuten ahobatez. Orain arte asteazkenetan egin dituzte plenoak. Alkateak zehaztu zuenez, maiztasun hori urte bukaerara arte izango da, hasiera batean. Batzorde informatiboen lehendakariak sailetako ordezkarien berberak dira. Batzordeek bosna kide izango dituzte: Bilduko hiru izango dira, PSE-EEko bat eta EAJko beste bat. EAJko hiru zinegotziak eta PSE-EEko bakarra abstenitu egin ziren. Organu kolegiatuetako ordezkariak ere izendatu zituzten. Beste erakundeetan Lezoko Udala ordezkatzeko kideak koaliziokoak izatea proposatu zuen Bilduk. EAJko Kepa Garbizu ez zegoen ados proposamen horrekin. “Gure ustez modu demokratikoago [...]
Lezoko Udal Gobernu Taldea eta batzordeak osatu zituzten pasa den ostegunean egin zuten plenoan. Legegintzaldiko lehenengo osoko bilkura izan zen. Kargua hartzeko falta zen zinegotziak, PSE-EEko Mikel Antxon Arrizabalagak kargua hartu zuen, ekainaren 11n ezin izan baitzuen hartu.
Erabakiei dagokienez, Eneko Lartige izango da lehenengo alkateordea. Bere atzetik Ainhoa Intxaurrandieta, Angel Portugal eta Luis Garrido daude. Bost horiek osatuko dute Udal Gobernu Taldea. Tokiko gobernu batzarraren ordezkaritzak ere izendatu zituzten. Lartige Hirigintza, Ingurumen, Obra eta Zerbitzuetako zinegotzia izango da. Ainhoa Intxaurrandieta Ogasuneko zinegotzi izango da. Ainhoa Zabalo alkateak hartuko ditu beregain gainontzeko guztiak.
Plenoak, ostegunetan
Udalbatzak plenoen maiztasuna ere erabaki zuen pasa den ostegunean. Horrela, hilabeteko bakoitietako azken ostegunean egingo dituzte bilkurak, eta jaia izango balitz, hurrengo ostegunean egitea erabaki zuten ahobatez. Orain arte asteazkenetan egin dituzte plenoak. Alkateak zehaztu zuenez, maiztasun hori urte bukaerara arte izango da, hasiera batean.
Batzorde informatiboen lehendakariak sailetako ordezkarien berberak dira. Batzordeek bosna kide izango dituzte: Bilduko hiru izango dira, PSE-EEko bat eta EAJko beste bat. EAJko hiru zinegotziak eta PSE-EEko bakarra abstenitu egin ziren.
Organu kolegiatuetako ordezkariak ere izendatu zituzten. Beste erakundeetan Lezoko Udala ordezkatzeko kideak koaliziokoak izatea proposatu zuen Bilduk. EAJko Kepa Garbizu ez zegoen ados proposamen horrekin. “Gure ustez modu demokratikoago batean banatu beharko lirateke ordezkariak, ez dituztelako Udal Gobernu Taldea ordezkatzen, Udalbatza baizik”, esan zuen bozeramaile jeltzaleak. Horregatik, D’Hondt Legea proposatu zuen Garbizuk, eta zortzi ordezkari horietatik sei Bildukoak izatea eta gainontzeko biak EAJkoak proposatu zuen. Bilduren aldeko botoekin atera zen aurrera proposamena. Beste biek aurka bozkatu zuten.
Honakoak izango dira Lezoko Udaleko ordezkariak beste erakundeetan: Añarbeko Uren Partzuergoan, Behemendin eta Euskal Fondoan Eneko Lartige izango da ordezkaria. Oarsoaldea Garapen Agentzian, Oarsoteken eta Jaizkibian Ainhoa Zabalo izango da. San Markoko Mankomunitatean bi ordezkari ditu Lezoko Udalak, eta bi ordezkaritza horiek beteko dituzte biek ala biek.
Alkatearen aholkularia
Zinegotzien dedikazioa ere jorratu zuten. Bi izango dira zinegotzi liberatuak. Alde batetik, Ainhoa Zabalo alkatea, %100ean (alegia, 35 ordu asteko), eta Eneko Lartige, 80%an. Proposamen hori “presaka” egin zela kritikatu zuen. Gainera, bere ustez, alkateak Udalean gehien irabazten duen funtzionarioak baino “gutxienez euro bat gehiago” irabazi beharko luke. Mikel Antxon Arrizabalaga sozialistaren iritziz, “desoreka handiegia” dago dedikazioetan: “Batzuek gehiegi kobratzen dute, eta beste batzuek, aldiz, ezer ere ez”. Horregatik, proportzionaltasuna eskatu zuen. Bozketan Bilduk eta jeltzaleek baiezko botoa eman zuten, eta Arrizabalagak, berriz, kontrakoa.
Bestalde, alkateak aholkularia izango du, Bilduren aldeko botoekin. “Beharrezkoa da”, esan zuen Zabalok, “egoera berezia delako”. Garbizuren iritziz, neurria “ondo dago, dirua badago”, baina taldeen artean banatzeko eskatu zuen (%69 Bildurentzako eta gainontzekoa beste bi taldeentzako).
Azkeneko puntua urgentziaz aztertzea onartu zuten. Euskara erabiltzea proposatzen zuten, sustatze aldera. EAJk eta Bilduk alde bozkatu zuten, eta PSE-EE abstenitu egin zen.