Hasi da Jacinto eta ezker abertzaleko beste zazpi kideen aurkako epaiketa
Bateragune auzia hasi da Espainiako Auzitegi Nazionalean
10:25 zirenean hasi da Espainiako Auzitegi Nazionalean Sonia Jacinto euskal presoa eta ezker abertzaleko beste zazpi kideen aurkako epaiketa. ETAren aginduz polo subiranista osatzen saiatzea egotzita Sonia Jacinto oreretarrarekin batera, Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Txelui Moreno, Arkaitz Rodriguez, Mañel Serra eta Amaia Esnal ezker abertzaleko kideak epaituko dituzte Bateragune auziaren barnean. Jacinto, Otegi, Zabaleta eta Rodriguez behin-behinean preso dauzkate 2009ko urrian polizia operazioan atxilotu zituztenetik eta 10:15ean eraman dituzte aretora.
Defentsak EAko buruzagien deklarazioak biltzen dituen agiria onartzeko eskatu du eta entzutegiak azkenik, EAko bost buruzagi auzi aretoan lekuko gisa izatea onartu du Vicente Mota fiskalak kontra egin badu ere.
Hamar urteko kartzela eskatu du Fiskaltzak
Ezker abertzaleko zortzi kideei Bateragunea osatu eta Batasuna berregituratzearekin batera talde terroristako kide izatea leporatzen diete eta horrenbestez, hamar urteko zigorra eskatu du bakoitzarentzat Fiskaltzak. Espetxe zigorraz gain, ezker abertzaleko zortzi kideei beste hamar urtez inhabilitazioa ezartzeko eskatu du azken horrek. Defentsek, berriz, absoluzioa eskatu dute. Asociacion de Victimas del Terrorismo Verde Esperanza taldeak herri akusazioa egingo du.
Auzipetuak gaur deklaratzekoak dira eta jarduera politikoan aritzen direla baina hori ez dutela sekula ETAren aginduz egin azaltzen saiatuko dira. Auzipetuez gain, hainbat aurpegi ezagun pasako dira auzi gelatik, lekuko gisa deklaratzera joango baitira Ibon Arbulu, Joxean Agirre, Floren Aoiz, Ainhoa Etxaide, Adolfo Muñoz, Jose Elorrieta, Jesus Uzkudun, Unai Sordo, Xabi Larralde, Teresa Toda eta Tasio Erkizia, besteak beste. Fiskaltzak eskatuta, 30 polizia inguruk ere deklaratuko du.
Mobilizazioak
Gaur eguerdiko hamabietan elkarretaratzeak deitu dituzte Lezo eta Orereta- Errenteriako Bilduk Bateragune auzian auzipetutako ezker abertzaleko zortzi kideen absoluzioa eskatzeko batetik eta elkartasuna adierazteko bestetik. Lezon Gurutze Santuaren plazan egingo dute elkarretaratzea eta ErrenteriaOreretan berriz, Herriko Enparantzan.