Anton Mendizabal: “Aukera dagoen guztietan euskaraz egitea tokatzen zait”
Errenta aitorpena egiteko garaia da eta herritarrak hori euskaraz egitera animatu nahi dituzte. Garazi Portugal Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilguneko kideak eta Anton Mendizabal herritarrak errenta aitorpena euskaraz egiteko arrazoiak eta argibideak azaldu dituzte. Zenbat urte daramatzazu errenta aitorpena euskaraz egiten? Anton Mendizabal: Ez naiz ondo gogoratzen, baina uste dut aukera zabaldu zenean hasi nintzela. Zergatik egiten duzu euskaraz? Mendizabal: Logikaren barruan sartzen delako. Oztopo izugarriak izan ditugu euskararen naturaltasuna aurrera eraman ahal izateko, baina zorionez, gauzak pixkanaka normalizatzen doaz. Horregatik, naturaltasun osoz, aukera dagoen guztietan euskaraz egitea tokatzen zait eta gainera, hala egin nahi dut. Garazi Portugal: Euskararen erabilera normalizatzeko beharrezkoa da. Bizitza euskaraz egiteko arlo guztietan eman behar dira aurrerapausoak, diru-kontuetan eta antzerako tramiteetan ere bai. Zaila al da? Mendizabal: Niretzako ez, beti aholkulari bat izan dut. Honek terminologia menperatzen du eta inolako zailtasunik gabe egin izan dut. Badaude laguntzaileak eta zerbitzuak, non dauden jakin behar da eta laguntza eskatu. Portugal: Herritar gehienentzako finantza terminologia da arrotza eta ez euskarazkoa. Hala ere, aurten hiztegi bat atera dugu errenta aitorpeneko terminoekin eta finantza erakunde eta aholkularitzetan jarri ditugu herritarren eskura. Udaletxeko sarreran eta Fermiñenen, Ttur-Tturren bulegoan, ere eskura daiteke. Modu guztietan egin daiteke? Portugal: Bai. Zubillaga Aholkularitzak eta Lurgintzak errenta aitorpena [...]
Errenta aitorpena egiteko garaia da eta herritarrak hori euskaraz egitera animatu nahi dituzte. Garazi Portugal Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilguneko kideak eta Anton Mendizabal herritarrak errenta aitorpena euskaraz egiteko arrazoiak eta argibideak azaldu dituzte.
Zenbat urte daramatzazu errenta aitorpena euskaraz egiten?
Anton Mendizabal: Ez naiz ondo gogoratzen, baina uste dut aukera zabaldu zenean hasi nintzela.
Zergatik egiten duzu euskaraz?
Mendizabal: Logikaren barruan sartzen delako. Oztopo izugarriak izan ditugu euskararen naturaltasuna aurrera eraman ahal izateko, baina zorionez, gauzak pixkanaka normalizatzen doaz. Horregatik, naturaltasun osoz, aukera dagoen guztietan euskaraz egitea tokatzen zait eta gainera, hala egin nahi dut.
Garazi Portugal: Euskararen erabilera normalizatzeko beharrezkoa da. Bizitza euskaraz egiteko arlo guztietan eman behar dira aurrerapausoak, diru-kontuetan eta antzerako tramiteetan ere bai.
Zaila al da?
Mendizabal: Niretzako ez, beti aholkulari bat izan dut. Honek terminologia menperatzen du eta inolako zailtasunik gabe egin izan dut. Badaude laguntzaileak eta zerbitzuak, non dauden jakin behar da eta laguntza eskatu.
Portugal: Herritar gehienentzako finantza terminologia da arrotza eta ez euskarazkoa. Hala ere, aurten hiztegi bat atera dugu errenta aitorpeneko terminoekin eta finantza erakunde eta aholkularitzetan jarri ditugu herritarren eskura. Udaletxeko sarreran eta Fermiñenen, Ttur-Tturren bulegoan, ere eskura daiteke.
Modu guztietan egin daiteke?
Portugal: Bai. Zubillaga Aholkularitzak eta Lurgintzak errenta aitorpena egiteko zerbitzua eskaintzen dute eta zerbitzua euskaraz eskaintzeko prestatuta daude. Herritarrek Gipuzkoako Foru Aldundiaren bulegoetan egin dezakete errenta aitorpena. Baliteke langile guztiek euskaraz ez jakitea; horietako bat tokatuz gero, herritarrak euskaraz atendituko duen norbait eskatzera animatzen ditut. Azkenik, Foru Aldundiak herritar batzuei errenta aitorpenaren proposamena eginda bidaltzen die etxera. Azken urtekoa euskaraz egin zuenari euskaraz bidaliko diote. Proposamena onartzeko Internetez edo telefonoz adierazi behar da ados dagoela eta hor datorren urtekoaren hizkuntza aukera daiteke. Aurtengoa ere euskaraz egin nahi duenak, ez du proposamena onartu behar eta Foru Aldundiaren bulegoetara jo beharko du errenta aitorpena egitea.
Zergatik %27,08ak bakarrik egiten du errenta aitorpena euskaraz?
Mendizabal: Iruditzen zaigu euskara eguneroko hizkuntza dela, baina beste eremu batzuetan gaztelaniaz egiteko ohitura dugunez, errazagoa da jarraitzea. Ez gara jabetzen euskaraz egin behar dugula denean. Esfortzua eskatzen du eta beste alde begiratzen dugu. Nagikeria eta kontzientzia falta dira arrazoi nagusienak.
Zer esango zenioke errenta aitorpena euskaraz egiten ez duenari?
Mendizabal: Lehenengo, bere hizkuntzaren eskubideak benetako bezala sentitzen ote dituen argitzeko. Eta hori argi badu, alferkeria utzi behar dela. Gainera, badaude zerbitzuak, laguntzak…


