Jazarpen batzordearen ondorioak
Udalean izan diren lan istripuak ikertzeko egin diren saioetan jasotako informazioa aztertu ondoren, gaur eguerdian ezagutarazi ditu ikerketa batzordeak ateratako ondorioak. Aurrerantzean neurri horiek hartzea adostu du batzordeak PSE-EE, EAJ, EB eta Hamaikabat taldeetako zinegotzien aldeko botoekin eta ezker abertzaleko zinegotzien kontrako botoekin. Azken horiek bozka partikularra aurkeztu dute.
Ikerketa batzordeak adostutako neurri horiekin “ zaila izango litzateke berriro ere antzeko egoerak sortzea” adierazi du batzordearen izenean mintzatu den bertako presidente Joxe Mari Burgosek. Bestalde batzordea osatzen duten taldeen asmoa “inongo erantzukizunik zehaztea ez dela izan” azaldu du Burgosek eta “epaitegiak langileekiko harremanetan udal batek erabili beharreko azken bidea” dela gaineratu du.
Adostutako neurriak
Hala laneko jazarpentzat zer hartu daitekeen jakinarazi eta zabaltzeko langile nahiz politikoentzat prestakuntza landuko dute “jazarpenaren eta bere ondorioen gaineko ahalik eta partekatuena sortzeko” zehaztu du Burgosek. Langile guztiek erreklamazioak egin eta horien gaineko erantzuna jasotzeko eskubidea dutela ere onartu du batzordeak eta halaber, laneko organigrama arduraz errespetatu behar dela jaso dute ondorioekin idatzitako txostenean.
Barne balorazio prozesuak abian jarri
Sail bakoitzak aldian behin antolaketa eta funtzionamenduaren gaineko barne balorazio prozesuak abian jartzea ezinbestekotzat jo du ikerketa batzordeak eta balorazio horiekin batera esku hartze taldea sortzea proposatzen du txostenak “ondorio guztiak betetzen direla bermatzeko” gaineratu du batzordearen presidenteak. Amaitzeko saileko politiko arduradunaren eta teknikarien edota beste langileen arteko harremanaren oinarria errespetua izan behar duela zehaztu dute eta laneko harremanak arautzen dituzten legeak bete beharko direla.
“Erantzukizunak argitzeko beharrezko prozedura”
Ezker abertzaleko zinegotziek “positiboki” baloratu dituzte onartutako ondorioak “baina ez zaio heldu aurrekoa bezain garrantzitsua den beste gai bati, izan diren kasuen gaineko erantzukizunak argitzeko beharrezko prozedurak ez direlako abian jarri” zehaztu dute. Haratago, ikerketa batzordean aztertutako dokumentazioak “jazarpen kasuak, ordenamendu juridikoaren aurkako jarrerak eman direlako izan direla posible” gaineratu dute talde abertzaleko zinegotziek aurkeztutako bozka partikularrean. Arduradun politiko eta teknikoek arauak bete behar dituztela eta, horiek betetzeko asmoz batzordeak ikertutako bi kasuetan erantzukizunak zehazteko prozedura martxan jartzeko eskatu dute azkenik.
Ikerketa batzordea lanean aritu den bitartean “balizko jarduera irregularren berri izan dugula eta kasu honetan idatzizko probak eskuratzerik izan dela “ jakinarazi dute ezker abertzaleko zinegotziek eta balizko erantzukizunak argitzeko beharrezkoak diren neurriak abian jartzeko eskatu dute. Salatu dituzten ustezko jarduketa irregularrak “udal langile batek enpresa pribatu baterako egindako lanak; materiala senitarteko zuzen bati erostea; Obrako materiala enpresa pribatu bati doan ematea; Udal langileek beren lanaldian eraikin pribatu batean egindako pintura lanak; eta azkenik, laneko fitsa faltsutzea” liratekeela gaineratu dute ezker abertzaleko zinegotziek bozka partikularrean.
Oarin ekainaren 11n osatuko den Udalbatza berriak aztertu beharko du ikerketa batzordearen ondorio txostena onartzen duen hala ez eta abian jarriko duen.