Gurekin elkartea: “Gure auzoan lasai bizi nahi dugu”
Lau urteko ume bat sexualki erasotzeagatik gizonezko bat atxilotu zuten joan den astean Iztieta auzoan. Gertaerak kezka eta haserrea sortu du bizilagunengan eta laguntza eskatu dute “gu eta gure haurrek, auzoan lasai eta seguru bizi ahal izateko”. Miguel Harina, Gurekin auzo elkarteko presidenteordea da, eta azaldu duenez, “sexu erasoarena gertakari larriena da zalantzarik gabe, baina ez da bakarra izan hainbat saltokietan eta bizilagun bati ere lapurretak egin dizkiote azken asteetan”. Harina, areago joan da “neurriak ez badira hartzen berriro ere gertatuko dira halakoak”, esan du. Udalaren utzikeria Auzotarren eskaera segurtasuna eta adin txikikoen eskubideak bermatzea da. Izan ere “auzoaren eguneroko bizitza normala da, jendea kalera irteten da, erosketak bertan egiten ditu, umeak eta gurasoak parkean egoten dira… baina azken hilabetetan oso argi nabaritu da auzoan talde gatazkatsuak agertzen ari direla berriro. Ez dira auzoan bizi eta ez dira etortzen ikasi, lan egin edota erosketak egitera, droga saltzen aritzen dira eta beraien artean liskarretan aritzen dira askotan”, zehaztu du Harinak. Berriro hitzak, esanahi berezia hartzen du, gainera, Iztieta auzoaren kasuan; izan ere, azken gertaerek auzotarren gogora ekarri dituzte 2009. urtean bizi izan zituzten antzeko gertakariak. Horien guztien atzean, “Udalak auzoarekiko duen utzikeria” dago Gurekin elkarteko kidearen iritziz: “Eskatzen dugun bakarra halako [...]
Lau urteko ume bat sexualki erasotzeagatik gizonezko bat atxilotu zuten joan den astean Iztieta auzoan. Gertaerak kezka eta haserrea sortu du bizilagunengan eta laguntza eskatu dute “gu eta gure haurrek, auzoan lasai eta seguru bizi ahal izateko”. Miguel Harina, Gurekin auzo elkarteko presidenteordea da, eta azaldu duenez, “sexu erasoarena gertakari larriena da zalantzarik gabe, baina ez da bakarra izan hainbat saltokietan eta bizilagun bati ere lapurretak egin dizkiote azken asteetan”. Harina, areago joan da “neurriak ez badira hartzen berriro ere gertatuko dira halakoak”, esan du.
Udalaren utzikeria
Auzotarren eskaera segurtasuna eta adin txikikoen eskubideak bermatzea da. Izan ere “auzoaren eguneroko bizitza normala da, jendea kalera irteten da, erosketak bertan egiten ditu, umeak eta gurasoak parkean egoten dira… baina azken hilabetetan oso argi nabaritu da auzoan talde gatazkatsuak agertzen ari direla berriro. Ez dira auzoan bizi eta ez dira etortzen ikasi, lan egin edota erosketak egitera, droga saltzen aritzen dira eta beraien artean liskarretan aritzen dira askotan”, zehaztu du Harinak. Berriro hitzak, esanahi berezia hartzen du, gainera, Iztieta auzoaren kasuan; izan ere, azken gertaerek auzotarren gogora ekarri dituzte 2009. urtean bizi izan zituzten antzeko gertakariak.
Horien guztien atzean, “Udalak auzoarekiko duen utzikeria” dago Gurekin elkarteko kidearen iritziz: “Eskatzen dugun bakarra halako gauzak ez gertatzeko neurriak hartzea baita, baina ez du ezer egiten prebentzioa lantzeko”. Eskaeren aurrean Udalaren erantzun bakarra honakoa izan dela azaldu du haserre Iztietako auzotarrak: “Beraiek polizia eta udaltzainak bidaltzen dituztela erantzuten dizute”. Harinak aitortu du polizia ikusten dela auzoan: “Udaltzainak bertan ibiltzen dira, baina hori ez da guk nahi duguna, poliziaren lana arazoak sortzen direnean hasten delako, eta guk arazoak ez sortzeko bitartekoak jartzeko eskatu diogu behin eta berriro Udalari”.
Jarrera da arazoa
Hartu beharreko bitartekoen gainean galdetuta Harinak argi du: “Horiek zehaztea ez da gure lana, politikariena baizik. Auzo elkarte bezala, Iztietako bizilagunen kezka eta eskaerak bideratzea da gure eginbeharra, udalarena berriz bizi dugun egoerari irtenbidea ematea eta halakorik gehiago ez gertatzeko beharrezko bitartekoak jartzea”.
Harinak ez du zalantzarik: “Auzotarrok Udalak ezer ez duela egin sentitzen dugu, konpondu nahi izan ez duelako, edo jakin ez duelako”, eta auzoa nekatuta dagoela eta halako gertaerak errepikatzea ez duela onartuko gaineratu du.
Orain bi urte auzoan bizi izan zituzten liskarretan hainbat komunikabide eta elkartetik, jarrera xenofoboa izatea leporatu zietela gogorarazi du harinak. Halakoak errepikatzeko arriskuaren aurrean “gure arazoa hainbat pertsonek erakusten duten jarrerarekiko dela” azaldu du, eta “arazoa ez da arraza, edo kolorea, gu ez gara arrazistak, arazoa talde batek duen jarrera eta orain bost urte arte lasaia zen gure auzoan sortzen ari den segurtasun eza da”, gaineratu du.
Laguntza ezinbestekoa da
Udalaren aldetik laguntza handirik jasoko duten itxaropenik ez du Miguel Harina auzotarrak “bi urte izan dituztelako eta egoerak bere horretan jarraitzen duelako. Udalean aldaketa ematekotan, izango nuke auzoan bizi dugun egoera konpontzeko itxaropena, baina nahiko argi dut egungo udalak ez duela ezer egingo arazoa konpontzeko”, azaldu du haserre.
Gurekin auzo elkarteak bere esku duen guztia egiten jarraituko duela azaldu du “galdu nahi ez ditugun gure kaleak, gureak izaten jarrai dezaten. Horretarako, komunikabidetara jotzen jarraituko dugu, egoera ezagutzera ematen eta gertakari bakoitza salatzen, besterik ezin baitugu egin”.
Bide horretan, lagundu nahi dituzten auzotar zein Errenteria-Oreretako bizilagun guztiak Gurekin auzo elkarteko kideengana jotzeko deia luzatu du Harinak “datorren lekutik datorrela laguntza behar dugulako auzoak bizi duen arazoa konpontzeko eta ideiak jasotzeko zabalik gaudelako ere”.
Amaitzeko Iztietako bizilagunek gauza bakarra eskatzen dutela nabarmendu du, eta lortuko duten itxaropena ere azaldu du laguntza jasotzen badute “orain arte bizi izan garen bezala bizitzen jarraitu nahi”.
Merino: “Ez al didazue auzoan ikusten ala?”
Lau urteko ume batek jasandako sexu ukituak salatzeko eta auzoan izandako beste gertakizunak salatzeko elkarretaratzea egin zuten herenegun Iztietako Dipuatazio plazan. Hamarnaka herritar bildu ziren, eta udal taldeetako ordezkariek ere parte hartu zuten, tartean, Juan Carlos Merino alkateak.
Gurekin auzo elkartekoek egindako akusazioen aurrean Udala defendatu zuen Merinok, guzti hori bertaratutakoen oihu eta txistu artean.
Lehenik eta behin, elkartasuna adierazi zion alkateak ukituak jasan dituen lau urteko neskatilari, eta asko sentitzen duela adierazi zuen.
Hala eta guztiz ere, elkarretaratzean hitza hartu zuten Gurekin auzo elkarteko kideek esandakoak gezurtatu zituen: “Esan dituztenek eurek ere badakite ez direla egia”.
Udaltzainak eta Ertzainak auzoan zehar ibiltzen direla eta “gauza txarrak gertatzen direla” egiaztatzen duten parteak edo txostenak badirela esan zuen: “Balioko du ala ez, baina Udaltzaingoak 2010ean egin dituen 281 esku hartzetatik 11 Iztieta auzoan izan dira. Hori ez da kontrol eza, hori ez da erokeria bat, hori ez da beldurraren menpe bizitzea”.
Gainera, gogorarazi zuen, 11 esku hartze horietan kontuan izan behar direla gidabaimenik ez duten kasuak eta antzekoak: “Horrenbestez, deitoratzen dut gertatzen ari dena, baina ezin zaigu leporatu ez dugula ezer egiten eta beste toki batera begiratzen dugula. Guztiz kontrakoa baizik”.
Udala bi aldeen artean dagoela ere kritikatu zuen Merinok: “Etorkinak defendatzen dituzten elkarteetatik esaten digute xenofoboak garela, arrazistak garela. Eta beste aldetik, berriz, pelikulako gaiztotzat jarri nahi digute, eta ez gara horrela”.
Horrela auzoan egoten direla defendatu zuen. “Hemen gaude. Ez gaur, hauteskundeak daudelako, beste batzuk egiten duten bezala. Ez al didazue auzoan ikusten egun batean bai eta hurrengoan ere ala?”, esan zuen oihu eta txistu artean.