Gurasoek ere parte hartuko dute Eskola Gastronomia Jardunaldietan
Aurten haurrak bakarrik ez, gurasoak ere izango dira protagonista Euskaldarrak elkarteak Hezkuntza Sailarekin elkarlanean antolatzen dituen II. Eskola Gastronomia Jardunaldietan. Izan ere, gurasoei eta, oro har, herritar guztiei zuzendutako hitzaldi ba...
Aurten haurrak bakarrik ez, gurasoak ere izango dira protagonista Euskaldarrak elkarteak Hezkuntza Sailarekin elkarlanean antolatzen dituen II. Eskola Gastronomia Jardunaldietan. Izan ere, gurasoei eta, oro har, herritar guztiei zuzendutako hitzaldi bat prestatu dute: Haur elikadura. Bertan Luis Irizar sukaldariak eta Ana Elbusto nutrizio teknikariak parte hartuko dute. Asteazken arratsaldean izango da Merkatuzarreko gela balioanitzean.
Gastronomia jardunaldiak, baina, astelehenean hasiko dira, eta ostirala bitartean janaria nola prestatzen den, eta batik bat nola elikatu behar den ikasiko dute herriko bost ikastetxetako haurrek. Guztira, 114 ikasle pasatuko dira sukaldetik Luis Irizar eta Elena Arzak sukaldarien, Patxi Troitiño cocktail egilearen eta Javier Aramendia gozogilearen aholku eta argibideak entzutera.
Langaitz, Beraun Berri, Gurutzearen Alabak, Telleri Alde eta Koldo Mitxelena ikastetxeetako ikasleek hartuko dute parte, eta goizero-goizero gai bat landuko dute horretan aditua den norbaitekin. Eskola gehienak Euskaldarrak elkartean egingo dituzte, eta gainontzekoak Aramendia gozotegian eta Stick tabernan. 09:30an hasiko dira eskolak.
Gaur goizean egin dute aurkezpena Juan Carlos Merino alkateak, Jose Angel Rodriguez Hezkuntza eta Gazteria zinegotziak, Fernando Ferreras Euskaldarrak elkarteko kideak, Luis Irizar sukaldariak eta Ana Elbusto nutrizionistak.
Guztiek nabarmendu dute ekimen horren garrantzia haurrak hezteko garaian. Horrez gain, iazko jardunaldien arrakastaren ostean, aurten ere errepikatzea espero dute.