Alkategaiak eta herritarrak aurrez-aurre jarriko ditu gaur Hiritar Foroak
Irungo Hiritar Foroak Maiatzaren 22ko udal hauteskundeetara aurkeztuko diren alkategai guztiak elkartuko ditu gaur, ostegunean, Amaia Kultur Zentroan, 19:00etan
Irungo Hiritar Foroak Maiatzaren 22ko udal hauteskundeetara aurkeztuko diren alkategai guztiak elkartuko ditu gaur, ostegunean, Amaia Kultur Zentroan, 19:00etan. Hiriko mandatari izateko hautagaiak eta herritarrak areto berean bildu nahi izan ditu bilguneak, “hiria gobernatuko dutenen aurrean auzotarrek beren iritziak eta eskakizunak agertu ahal izan dezaten”.
Alkategai bakoitzak lau gairen inguruan mintzatzeko aukera izango du: langabezia, etxebizitza, garraioa eta herri partaidetza. Bakoitzak 8 minutuko tartea izango du, eta ondoren herritarrek galderak egiteko aukera izango dute.
Irungo hiritarren forotik adierazi dutenez “Irun bizirik dagoen herria dela demostratzeko aukera da, hurrengo urteetan Udalean hartuko diren erabakiek eragingo digute, eta gaurko ekitaldia horrekiko interesa agertzeko modu bat da, hiriko arazoak gure arazoak baitira”.
Irungo Alkaterako hautagaiak:
- PSE-EE: Jose Antonio Santano
- EAJ: Xabier Iridoi
- PP: Juana Bengoetxea
- Bildu: Oinatz Bengoetxea
- IU-EB: Manuel Millan
- Aralar: Silvestre Balerdi
- H1: Jose Luis Alberro
- UpyD: Jose Miguel Ferreira.

