Magnetoterapia aparatuen iruzurraz ohartarazi dute
Adineko pertsonak edota ezinduak. Horiek izaten dira, Oarsoaldeako Kontsumo Bulegoak ohartarazi duenez, antzeman duten azken iruzurraren biktimak. Magnetoterapia egiteko aparatuak saltzen dabiltza etxez etxe, hainbat patologia sendatzeko onuragarriak direlakoan, lesioak, gaixotasun kronikoak edota errendimendu fisikoa eta intelektuala hobetzeko bitarteko gisa, baita zimurrak kentzeko tresna bezala ere.
Magnetoterapia, baina, arriskutsua gerta daiteke profesionalen gidaritzapean erabili ezean, eta kontrako erreakzioak eragin ditzake patologia zehatz batzuk dituzten gaixoen kasuan.
Telefono deia eta erakustaldia
Kontsumo Bulegoak azaldu duenez, telefono bidez egiten dute bezeroarekin lehen harremana, eta Osasun Ministerioak gomendatuko balu bezala saltzen dute magnetoterapia aparatua.
Deia egin eta gero, lokal batean geratzen dira bezeroarekin, magnetoterapia gailua nola erabiltzen den erakusteko. Kontsumo Bulegotik ohartarazi dutenez, ordea, saltzen dabiltzan pertsonak ez dute halako tresneriarekin lan egiteko prestakuntzarik. «Magnetoterapiaren erabilgarritasuna medikuntza tratamendu bat bezala baloratu behar da, hortaz, gaixotasunean aditua den mediku batek teknika erakutsiko du, bere erabilera gainbegiratuko du eta gaixoari jarraipena egingo dio, tratamendua jarraitu edota bukatu behar den erabakitzeko», zehaztu dute.
Ez erosteko gomendioa
Oarsoaldeako Kontsumo Bulegoak «praktika komertzial engainagarritzat» jo du magnetoterapia gailuak etxez etxe saltzeko teknika eta ez erosteko gomendioa zabaldu du, gaixotasunean espezialista den mediku independiente baten aholkuarekin ez bada, «azken honek teknika azaldu, erabilpena gainbegiratu eta emaitzen jarraipena egin dezan».