Leka-Eneako superdibisioko bi taldeek helburuak bete dituzte
Heldu den urtean Europako Kopa jokatzeko sailkapena dagoeneko lortuta, garaipen batekin amaitu du Irungo Leka-Enea mahai tenis taldeak superdibisioko denboraldia. Urte osoan goiko postuan egon dira irundarrak, eta azken partidan Termotur Calellaren aurka jokatu eta gero (2-3), seigarren bukatu dute sailkapenean, 12 garaipen eta 10 porrotekin. Horrenbestez Europako Kopa jokatuko du Leka-Eneak 2011-2012 denboraldian, bigarrenez jarraian. Neskek salbazioa, baina jarraitzeko diru arazoak Emakumezkoen superligako taldeak ere helburua bete du, salbazioa, alegia. Denboraldiko azken partidan Mataroren aurka galdu zuten irundarrek (0-4), baina aurreko larunbatetik etxeko lanak eginak zituzten. Bederetzigarren postuan bukatu dute. Nolanahi ere, taldeak ez du oso argi nesken sailak heldu den denboraldian jarraituko ote duen. “Babeslerik eta erakundeen diru-laguntzarik gabe” defizit handia pilatu du taldeak. Klubetik esan dutenez, mutilen taldea egonkortu da, eta aurrekontuari eutsi diezaioke, baina neskeenari “falta zaizkio aurrera egiteko ezinbestekoak dituen diru-laguntzak”. Hurrengo asteetan jarraitu ala ez erabakiko du kirol taldeak.