Abizenak euskal grafiara ofizialki aldatzeko deia egin du Udalak
Hiru urrats besterik ez direla behar azaldu du; normalizazioan beste pauso bat egitea dela ere gogorarazi du
Abizenak euskarazko grafiaz idazteko Guk abizena, zuk? kanpainarekin jarraitzen du UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, eta Oiartzungo Udalak ere bat egin du kanpainarekin. Honela, grafia erdaldunarekin idatzita dauden euskal abizenak ofizialki euskal grafiara aldatzeko deia egin die Udalak oiartzuarrei.
Oyarzabal, Arbelaiz, Echeverria, Lecuona, Otegui, Aguirrezabala, Aramburu, Jauregui, Elicegui, Irigoyen… Oiartzabal, Arbelaitz, Etxeberria, Lekuona, Otegi, Agirrezabala, Aranburu, Jauregi, Elizegi edo Irigoien bihurtzea ofizialki ez da zaila, Udaletik gogorarazi dutenez. Hiru urrats baino ez dira eman behar: “Bake Epaitegira joan eta abizena euskal grafiaz jarri nahi duzula jakinarazi behar da, han bertan eskaera orria bete behar da eta eskatutako dokumentuak aurkeztu behar dira”.
Hauek dira beharrezko dokumentuak: nortasun agiriaren fotokopia —adin txikikoek gurasoena aurkeztu behar dute—; epaitegian bertan jaso behar den hitzez hitzeko jaiotza ziurtagiria; errolda agiria, familia-liburua —ezkonduta daudenek eta seme-alabak dituztenek—, eta seme-alaben nortasun agiriaren fotokopia —16 urtez gorako seme-alabak dituztenek—.
Herritarrak euskarazko abizenak ofizialki euskal grafiaz jar ditzaten animatu dituzte Udaletik, “euskal hitzek euskaraz idatzita egon behar baitute, hizkuntza bakoitzeko abizenak hizkuntza horretan idatzita egotea baita normala”.
Hala, euskal abizenak modu ofizialean eta leku guztietan euskaraz idatzita egotea, euskararen normalizazioan beste aurrerapauso bat gehiago dela gogorarazi dute Udaletik.

