Musika pedagogiaren astean, askotariko emanaldiak nagusi
Bihar hasiko da Lesoinu, Lezoko musika aste pedagogikoa. Aurten, gainera, zilarrezko ezteiak ospatuko dituzte. Atzo egin zuten ekimenaren aurkezpena. Xanti Espina Tomas Garbizu Musika Eskolako zuzendariak aipatu zuenez, kontzertu pedagogikoekin hasiko ...
Bihar hasiko da Lesoinu, Lezoko musika aste pedagogikoa. Aurten, gainera, zilarrezko ezteiak ospatuko dituzte. Atzo egin zuten ekimenaren aurkezpena.
Xanti Espina Tomas Garbizu Musika Eskolako zuzendariak aipatu zuenez, kontzertu pedagogikoekin hasiko da Lesoinu. Bihar, gehienbat, haurrei zuzendutako ekitaldiak izango dira. Etzi, berriz, Tomas Garbizuren Ahots nahasientzako piezak diskoa aurkeztuko dute. Pasaia abesbatza izan da hori grabatzeko arduraduna, eta “Garbizuren lehenengo disko integrala da”, Espinaren arabera. Konpositore lezoarraren pianoarentzako partiturak ere aurkeztuko dituzte. “Iazko prestatu nahi genituen, baina ez zeuden erabat osatuta. Argitaratuko dugun bigarrenak izango dira”, esan du Espinak. Patxi Intxaurrandietak osatu ditu partiturak.Igande goizean erromeria egingo dute herriko kaleetan zehar, musika eskolako hainbat talderen eskutik: trikitilariak, txistulariak…
Astelehenean, berriz, Marta Bocosek Mikel Laboaren bosgarren Lekeitio-a eramango du Gezalara [biharko Hitzan Bocosi elkarrizketa argitaratuko dugu]. Hilaren 15era arte izango dira ekitaldiak.
Haritz Salaberria alkateak Lesoinu “herrian errotuta” dagoela adierazi zuen, “ikuspegi pedagogikoa du herritarrentzako”. Koldo Aldaregia Kutxako ordezkariak esan zuen “ohorea” dela Lesoinu laguntzea.

