Leteri omenaldia egiteko kantaldia antolatu dute datorren larunbaterako
Xabier Leteren omenezko jaialdia egingo dute datorren larunbatean, hilaren 16an, Elorsoro kiroldegian, 21:30ean. Udalak eta AM Kultur Promotorak antolatu dute kantaldia, eta kantari eta musikari ezagunek hartuko dute parte. Hala jakinarazi dute eguerdian Donostian egindako agerraldian, Antton Valverde musikariak, Larraitz Lasa Girizia Kultur Taldeko kideak, Aitor Etxeberria alkateak, Arantxa Lete Xabierren arrebak eta Joxe Angel Arbelaitz AM Kultur Promotorako kideak. Ordu pare bateko jaialdia izango da, eta “denetarik” izango duela iragarri du Joxe Angel Arbelaitz AM promotorako kideak. Abeslarien artean eta taldeen artean, honakoek hartuko dute parte: Antton Valverdek, Erramun Martikorenak, Oskarbik, Petti, Pier Paul Berzaitzek eta Arantxa Irazustak. Herriko kantariak ere izango dira: Jon Bergaretxe eta Lartaun Abesbatza. Musikariei dagokienez, guztiak ariko dira Karlos Gimenez piano jolearen zuzendaritzapean. Honakoak izango dira: Joxan Goikoetxea eskusoinuarekin eta teklatuekin, Txema Garces baxuarekin, Franciso Herrero bibolinarekin, Luis Fernandez biolontxeloarekin eta Xanet arozena oiartzuarra gitarrarekin. Abeslariak zein musikariak, guztiak dira Xabier Leterekin kolaboratu zutenak, lana elkarrekin egin zutenak edota adiskideak eta lagunak. Antton Valverdek azaldu duenez, abeslari edo talde bakoitzak hiruna abesti kantatuko ditu emanaldian: “Nik, Gabriel Celayaren El Retorno abestuko dut, Letek Itzulera bezala itzuli zuena eta nik musika jarri niona; kanta berri bat ere abestuko dut, Xabierren azken liburutik hartutako poema bat. [...]
Xabier Leteren omenezko jaialdia egingo dute datorren larunbatean, hilaren 16an, Elorsoro kiroldegian, 21:30ean. Udalak eta AM Kultur Promotorak antolatu dute kantaldia, eta kantari eta musikari ezagunek hartuko dute parte.
Hala jakinarazi dute eguerdian Donostian egindako agerraldian, Antton Valverde musikariak, Larraitz Lasa Girizia Kultur Taldeko kideak, Aitor Etxeberria alkateak, Arantxa Lete Xabierren arrebak eta Joxe Angel Arbelaitz AM Kultur Promotorako kideak.
Ordu pare bateko jaialdia izango da, eta “denetarik” izango duela iragarri du Joxe Angel Arbelaitz AM promotorako kideak. Abeslarien artean eta taldeen artean, honakoek hartuko dute parte: Antton Valverdek, Erramun Martikorenak, Oskarbik, Petti, Pier Paul Berzaitzek eta Arantxa Irazustak. Herriko kantariak ere izango dira: Jon Bergaretxe eta Lartaun Abesbatza.
Musikariei dagokienez, guztiak ariko dira Karlos Gimenez piano jolearen zuzendaritzapean. Honakoak izango dira: Joxan Goikoetxea eskusoinuarekin eta teklatuekin, Txema Garces baxuarekin, Franciso Herrero bibolinarekin, Luis Fernandez biolontxeloarekin eta Xanet arozena oiartzuarra gitarrarekin.
Abeslariak zein musikariak, guztiak dira Xabier Leterekin kolaboratu zutenak, lana elkarrekin egin zutenak edota adiskideak eta lagunak.
Antton Valverdek azaldu duenez, abeslari edo talde bakoitzak hiruna abesti kantatuko ditu emanaldian: “Nik, Gabriel Celayaren El Retorno abestuko dut, Letek Itzulera bezala itzuli zuena eta nik musika jarri niona; kanta berri bat ere abestuko dut, Xabierren azken liburutik hartutako poema bat. Berak ez zion izenburua jarri eta nik Amaitu da bidaia jarri diot; azkenik, Gizon arruntaren koplak abestuko ditut, ez dakit bera bezain ondo eta hainbeste graziarekin egingo dudan, baina saiatuko naiz”.
Bukatzeko, parte hartzaile guztiek elkarrekin beste hiruzpalau abesti kantatuko dituzte.
Valverdek, bestalde, adierazi di pozgarria dela omenaldia egitea Leteri eta bereziki Oiartzunen izatea, eta berak aurrerantzean egingo dituen emanaldiak Leteren omenezkoak izango direla nabarmendu du.
Arantza Lete Xabierren arrebak, bestalde, eskerrak eman dizkie antolatzaileei, halako ekitaldia prestatzeagatik.
Aitor Etxeberria alkateak nabarmendu du, Oiartzunen egin behar zitzaiola Leteri halako lehengo omenaldia, eta lortu dutela antolatzea.
Sarrerak badaude oraindik
Duela egun batzuk jarri zituzten salgai emanaldirako sarrerak, eta ondo saltzen ari diren arren, oraindik badaudela jakinarazi du Larraitz Lasa Girizia Kultur Taldeko kideak. Guztira, 1.500 pertsonentzako tokia dago Elorsoron.
Aurrez, 10 eurotan eros daitezke sarrerak: Oiartzunen, Amazkar, Miren eta Ganbara tabernetan, Garmendi txokolategian, Elorsoro kiroldegian eta Garmendia okindegian; Errenteria-Oreretan, Arkaitzan eta Landaren; Hendaian, Kanttun; Lesakan, Arranoan; Irunen, Hazian, Lezon, Tiñelun, Hernanin, Garinen eta Aralarren; Tolosan, Rakun, eta Donostian, Hontza liburudendan eta Herria tabernan.
Servikutxa bidez ere eros daitezke sarerrak (Interneten), eta 16an bertan ere egongo dira kiroldegiko lehiatilan, 12 eurotan.


