“Zerbait jarri behar dugu bertsolaritza bultzatzeko”
Julian Albistur. Bertsozalea Ignacio Eizmendi Basarriri eta Manuel Olaizola Uztapideri entzunez zaletu zen Julian Albistur (Hernani, 1950), eta orduz geroztik bertsoaren mundura lotuta egon da. Bertso sortak bidaltzen ditu bertso paper lehiaketetara, eta duela hamabi urtetik Errenteriako Xenpelar Bertso Eskolako kide da. Bertsolaritzaren kultura ikasleei eramateaz gain, semea ere sartu du mundu horretan. Bertsolaritzaz inguratuta bizi zara, nondik datorkizu zaletasuna? Ereñotzu esatea bertsolaritzarekin lotzea da. Esan besterik ez dago Txirrita bera han jaio zela, eta Saiburu ere bai… Oso alderdi bertsozalea da. Umea nintzenean zaletu nintzen, hain zuzen, Uztapide eta Basarri entzunda Ereñotzuko festetan. Etxean ere bagenuen liburu zahar bat, eta [Francisco Petrirena] Xenpelarren eta Pello Errotaren bertsoak irakurtzen nituen. Aita ere bertsozalea zen, eta buruz bertso asko zekizkien, Txirritarenak batez ere. Festez gain, beste nonbait entzuten zenituzten bertsoak? Irratitik ere beti entzuten genuen. Txapelketa guztiak irratitik ematen zituzten Basarriren eta Uztapideren garaian… Basarrik, gainera, bazeukan programa bat, Nere bordatxotik, eta hori sakratua izaten zen etxean. Programa hasi, eta ‘ixo, ixo’. Familian elkartzen zineten bertsoak entzuteko? Nire anai-arrebak ere zaleak dira, baina ez ni bezainbeste. Kultura gisa jaso izan dugu etxetik, eta betidanik gustatu izan zaigu. Xarma oso berezia dauka. Horrek harrapatzen bazaitu… Zerbait ukitu dizu, ezta? Bertsozale sentitzen naiz, [...]
Ignacio Eizmendi Basarriri eta Manuel Olaizola Uztapideri entzunez zaletu zen Julian Albistur (Hernani, 1950), eta orduz geroztik bertsoaren mundura lotuta egon da. Bertso sortak bidaltzen ditu bertso paper lehiaketetara, eta duela hamabi urtetik Errenteriako Xenpelar Bertso Eskolako kide da. Bertsolaritzaren kultura ikasleei eramateaz gain, semea ere sartu du mundu horretan.
Bertsolaritzaz inguratuta bizi zara, nondik datorkizu zaletasuna?
Ereñotzu esatea bertsolaritzarekin lotzea da. Esan besterik ez dago Txirrita bera han jaio zela, eta Saiburu ere bai… Oso alderdi bertsozalea da. Umea nintzenean zaletu nintzen, hain zuzen, Uztapide eta Basarri entzunda Ereñotzuko festetan. Etxean ere bagenuen liburu zahar bat, eta [Francisco Petrirena] Xenpelarren eta Pello Errotaren bertsoak irakurtzen nituen. Aita ere bertsozalea zen, eta buruz bertso asko zekizkien, Txirritarenak batez ere.
Festez gain, beste nonbait entzuten zenituzten bertsoak?
Irratitik ere beti entzuten genuen. Txapelketa guztiak irratitik ematen zituzten Basarriren eta Uztapideren garaian… Basarrik, gainera, bazeukan programa bat, Nere bordatxotik, eta hori sakratua izaten zen etxean. Programa hasi, eta ‘ixo, ixo’.
Familian elkartzen zineten bertsoak entzuteko?
Nire anai-arrebak ere zaleak dira, baina ez ni bezainbeste. Kultura gisa jaso izan dugu etxetik, eta betidanik gustatu izan zaigu. Xarma oso berezia dauka. Horrek harrapatzen bazaitu…
Zerbait ukitu dizu, ezta?
Bertsozale sentitzen naiz, bertsoak idazten baditut ere. Nik bertsolaritza daukat zerbait gozatzekoa bezala. Jende aurrean kantatzea, adibidez, uste dut sufritzea dela. Maialenek [Lujanbio] eta [Andoni] Egañak ez dute sufritzen, gozatu egiten dute, baina ezagutzen ditut goi mailan daudenak orain gutxi arte sufritzen egon direnak.
Kantatu beharrean, bertsoak idazten dituzu.
Ni hasi nintzen bertsoak idazten 1984an. Orereta Ikastolan hasi zen nire semea, eta urte askotan ibili izan naiz ikastolan buru-belarri. Kilometroak herrira ekarri nahi genuen, eta hori 1984an lortu genuen. Antolakuntzan nenbilela, pentsatu nuen hori zela momentua, propaganda gisa, bertso sorta bat egiteko. 1984an, izugarrizko ospea zeukan bertso paper lehiaketa zegoen herrian, Xenpelar Saria, 116 bertso sorta bildu zituena. Jendea ere halakoa zegoen: Jesus Mari Mendizabal Bizargorri izan zen garailea, bigarren izan zen [Xabier] Amuriza, eta hirugarren Pello Esnal. Saririk gabe geratu ziren Andoni Egaña, Rufino Iraola, [Xabier] Euskitze, Jon Sarasua… Eta ni inozo-inozo hara bertsoak bidaltzen.
Ilusio guztiarekin.
Bihotza, arima eta dena utzi nuen bertso sorta horretan. Orain sorta irakurri, eta neure buruari esaten diot: ‘Joño, ausarta izan nintzen’. Nire ilusio guztirako, gainera, handik egun batzuetara, Diario Vasco-n nire sorta guztia agertu zen. Ez dut inoiz jakin nola iritsi zen. Kilometroen antolakuntzan nenbilela, kide batzuk prentsan izan zuten bertso sortaren berri, eta niri ezer esan gabe pentsatu zuten horiekin Kilometroetako kanta egitea. Kilometroetako lehen abestia izan zen. Ia ezin nuen sinistu, nire lehenengo sortak balio izatea Kilometroetarako.
Eta handik aurrera?
Herriz herri ibili nintzen, xume-xume. 1989an Zapirain Anaiak lehiaketa jarri zuten martxan. Parte hartu, eta akzesit bat eman zidaten. Geroztik urtero antolatzen da, eta urtero hartzen dut parte. Ondoren, Oiartzunen, Hernanin, Zarautzen… parte hartu izan dut, eta orain Euskal Herri osoko lehiaketa gehientsuenetara bidaltzen ditut. Sari batzuk lortu ditut, eta ilusioa egiten du.
Horrela, noiz arte?
Oraingoz ongi sentitzen naiz, eta ikusiko dugu. Azken hamar hamabi urteetan jorratu dut gehien bertsolaritza, sorta gehienak urte horietan egin ditut, irakurri ere egin ditut liburu zaharrak eta berriak… Bertso eskolan ere hamabi urte daramatzat; sei, bertso idatzietako irakasle. Gutxienez, zerbait jarri behar dugu herri honetan bertsolaritza bultzatzeko.
Zertan zabiltzate bertso eskolan?
Datorren urtean bertso eskolak 25 urte beteko ditu, eta beste hainbat gauzen artean, Xenpelarri busto edo eskultura bat jarri nahi diogu herrian. Horri buruz duela hamahiru hilabete lan bat egin nuen nire kasa. Nire ustez, herri honek ez du Xenpelar tratatu haren mailak duen garrantziarekin, zerbait gehiago merezi zuen. Niri langabezia tokatu zitzaidan orduan, erregulazio asuntoa dela eta, eta urtebete pasatxoko parentesia izan dut. Orduan pentsatu nuen: ‘Ezin dut utzi hau erretiratu arte’. Duela 42 urte egin zen saio bat. Jorge Oteizak egin nahi zuen zazpi metroko eskultura erraldoi bat, Foru plazan, baina udalak atzera bota zuen. Geroztik ez da ezer mugitu, eta pentsatu nuen bazela garaia. Bi hilabete ibili nintzen buru-belarri, dedikazio osoz, eta izugarri asebete nauen lana izan da. Ikerketa lan bat egin nuen, udaletxean aurkeztu nuen, eta geroztik horretan nabil bueltaka.
- Bertsolari klasiko bat. “Basarri eta Uztapide. Basarri niretzat oso erreferente garrantzitsua izan da”.
- Egungo bertsolari bat. “Andoni Egaña”.
- Bertsolaritza, txapelketan edo plazan? “Bertsolaritza gehiago bizi dut, atseginagoa da, bertso afarietan. Txapelketa zurrunagoa da”.
- Doinu bat? “Nire bertsoetan hemezortzi doinu erabili ditut, baina bat berezia Maitasuna da bizi izateko izango litzateke”.
- Bertsoa, bat-batekoa edo idatzizkoa? “Bertsoak arrakasta handiagoa dauka bat- batean; baina nik lantzeko, idatzizkoa. Nik bertsolaritza gozatzeko daukat, eta idatziz gozatzen dut”.