Ardura handiko lanak hartzen dituzte bere gain Gipuzkoako gizarte ekintzako langileek: adingabekoentzako eta genero indarkeriaren biktimentzako harrera etxeak, aisialdiko kultura programak, droga mendekotasunei aurrea hartzeko programak… Erantzukizun publikoa duten zerbitzuak dira, baina sektore pribatuak hartzen ditu bere gain zeregin horiek. Egoera horretan, gizarte ekintzako langileek salatu dute erantzukizun publikoko gainontzeko sektoreetako langileek baino baldintza kaskarragoak dituztela.
Ordu gehiago lan egin arren, gutxiago kobratzen dutela salatu dute, esaterako. Hala, baldintzak parekatzea eskatu dute. Ez dute eskatzen euren lan baldintzak administrazioan lan egiten dutenen baldintzekin parekatzea, baina bai erantzukizun publikoko beste sektoreetako baldintzekin.
Prekaritatea bukatu
Hamar hilabete baino gehiago daramatzate euren sektorerako hitzarmen «duina» negoziatzen. Taldea ere sortu dute, 600 atxikimendu baino gehiagorekin: Gizartelana, Gipuzkoako Gizartekintzako Langileen Batzarra. Gizartelana, CCOO, LAB eta ELA ari dira negoziazioa aldarrikatzen.
Gizartelanaren helburua prekarietatea eta ezegonkortasuna bukatzea da. Honela azaldu du Rober Benito Gizartelanako kideak: «Gure sektorean unibertsitate tituluak eskatzen dituzte, baina prekarietate eta joan-etorri handiko sektorea dugu. Langileen %20k baino gutxiagok du hiru urtetik gorako antzinatasuna. Baldintza horietan, gure esfortzuak soilik bermatzen du zerbitzuen kalitatea».

Gizartelanako kideak, mobilizazio batean
Gizarte ekintzan ari diren langileek salatu dute Maite Etxaniz Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikarako diputatuak uko egin diola eurekin biltzeari. Patronalak, aldiz, aldundiarekin zuzeneko harremana du, langileen arabera.
Benitok jakinarazi duenez, minduta daude Gizartekintzako langileak, aldundiak gauza bat aldarrikatu eta bestea egiten duelako: «Gipuzkoako gizarte zerbitzuen etorkizunerako eredu berriari etenik gabe egin diote publizitatea, eta sektoreko profesionalek lan eta soldata baldintza onak izatearen garrantzia nabarmendu dute. Horrek esan nahi du, nahitaez, hitzarmen duin bat behar dela. Zoritxarrez, Gizarte Politikarako arduradunak ez du horren aldeko jarrera erakutsi, ez behintzat gomendatzen duen eredu hori lortzeko bidean. Orain arte ez die Gizartelanak eta sindikatuek egindako bilera eskaerei erantzun».
Langileek borrokan jarraituko dute euren sektorea gainontzekoekin parekatzeko. Eurei unibertsitate titulua eskatzen dieten bezala, beraiek baldintza duinak eskatzen jarraituko dute, egiten duten lana ardura handikoa baita, langileen hitzetan.
Egun batetik bestera lortzeko helburua ez dela badakite. Horregatik, 2014. urtean jarri dute muga. Hiruzpalau urtean soldatak eta lan baldintzak parekatu litezkeela uste dute. Orain, negoziatzea eta aldundia ere horretan lanean hastea espero dute gizarte ekintzako langileek.