Usain eta zapore festa, Euskaldarrak elkartearen eskutik
Gastronomi erakusketa, euskaldarrak elkartea,
Datorren astelehenean hasita, apirilaren 14a bitartean egingo dute Euskaldarra elkarteak antolatzen duen Gastronomia Erakusketaren hogeitaseigarren aldia.
Astearte arratsaldean elkartean bertan egindako agerraldian, aurtengo edizioan 24 elkartek parte hartuko dutela azaldu zuten antolatzaileek. Horietatik, 16 Errenteria-Oreretakoak dira; 4 Pasaiakoak; 2 Lezokoak; eta beste 2 Oiartzungoak. Urtero moduan, erakusketan parte hartuko duten elkarteek, sukaldari eta laguntzaile bana aukeratu beharko dute ordezkari moduan eta plater bakarra prestatu “elkarte bakoitzak nahi duena” esan dute euskaldarrak elkarteko kideek. Elkarteek aukeratutako sukaldari eta laguntzaileak ezin dute profesionalak izan eta prestatuko duten plateraren errezeta aldez aurretik aurkeztu beharko diete antolatzaileei.
Parte hartuko duten 24 elkarteak, hirunaka banatu dituzte erakusketak iraungo duen zortzi egunetan zehar. Lehiakideek,Euskaldarrak elkartean bertan prestatu beharko dute lehiaketara aurkeztuko duten platera eta horretarako, lau ordu izango dituzte gehienez “16:30etan hasi eta 20,30etan aurkeztu beharko diote prestatutakoa epaimahaiari” azaldu dute antolatzaileek.
Epaimahaiaren irizpideak
Vicente Saez, Luis Irizar sukaldariaren ikasle eta Madrilgo Euskal Etxean sukaldari izandakoa eta Saretxo jatetxeko Carlos Gonzalez izango dira epaimahaiaren arduradunak. Beraiekin batera arituko dira Hilario Arbelaitz, Juan Mari Arzak eta Martin Berasategi sukaldariak aurkeztutako plater guztien artean onena aukeratzeko. Horretarako elaborazioaren kalitate teknika, zaporea, erabilitako lehengaiak eta plateraren itxura izango ditu kontuan epaimahaiak. Hala, irizpide horien arabera Gastronomi Erakusketaren barruan aurkeztutako plater guztien artean, epaimahaiak, lau sarituko ditu. Irabazleak Mikelazulo garaikurra eskuratuko du; bigarrenak, Udalak emandakoa; hirugarrenak, Rosaritu Frutadendaren garaikurra; eta laugarrenak, Mª Antonia Zapirain Keramikak emandakoa.
Lau sari horietaz gain, kalitatea eta prezioaren araberako plater hoberena sukaldatzen duen elkarteak, lagunak Autoeskolak emandako garaikurra jasoko du eta Elkarteetako plater espezifikoena egiten duenak berriz, Cyne Reinak emandako garaikurra jasoko du. Apirilaren 16an XXVI Gastronomia Erakusketa amaitzeko afaria egingo dute Euskaldarrak elkartean. Egun horretan ezagutuko da, hain zuzen, epaimahaiaren erabakia eta horrekin batera sari banaketa egingo dute.
Egitaraua
- Apirilak 4, astelehena. Gure Toki, Niessen eta Gau Txori elkarteak.
- Apirilakak 5, asteartea. Yola, Itsasmendi eta Ondarra elkarteak.
- Apirilak 6, asteazkena. Txintxarri, Bukagaitz eta Hermanos Camino elkarteak.
- Apirilak 7, osteguna. Lore Txorta, La Armonia eta Kilkerrak elkarteak.
- Apirilak 11, astelehena. Txepetxa, Alkartasuna eta Bizardia elkarteak.
- Apirilak 12, asteartea. Altzate, Aldeguna eta Batasuna elkarteak
- Apirilak 13, asteazkena. Ixkulin, Landare eta Euskaldarrak elkarteak.
- Apirilak 14, osteguna. Ostarte, San Huberto eta Lagunak elkarteak.

