Koldo Mitxelenaren idazlan guztiak argitaratu dituzte
Koldo Mitxelenaren idazlan guztiak hamabost liburutan bildu eta sailkatu dituzte Iñigo Ruiz Arzalluz eta Joseba Lakarra EHUko irakasleek. Duela zortzi urte unibertsitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sinatu zuten hitzarmenak eman du bere fruitua, et...
Koldo Mitxelenaren idazlan guztiak hamabost liburutan bildu eta sailkatu dituzte Iñigo Ruiz Arzalluz eta Joseba Lakarra EHUko irakasleek. Duela zortzi urte unibertsitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sinatu zuten hitzarmenak eman du bere fruitua, eta gaur aurkeztu dute azken urteetan egindako bilketaren emaitza. Aurrera eraman ahal izateko Aldundiaren eta EHUren laguntzaz gain, Eusko Jaurlaritzarena ere izan dute.
Aurkezpenean izan dira bilduma aurrera eramatea posible egin duten alde guztiak: EHUren izenean, Iñaki Goirizelaia errektorea; Aldundiaren izenean, Markel Olano ahaldun nagusia; Jaurlaritzaren izenean, Blanca Urgell Kultura sailburua, eta liburukien egileei dagokionez, Joseba Lakarra EHUko irakaslea. Mitxelenaren senitartekoek ere ez dute hutsik egin aurkezpenean.
Koldo Mitxelenak idatzitako testuekin hamalau liburu osatu dituzte, eta hamabosgarrenak euskal hizkuntzalari errenteriarraren bibliografia osoa jasotzen du, aurreko liburuen aurkibide guztiaz gain. Guztira, 7.000 orrialde dira.
Koldo Mitxelenak bere izenez sinatutako testuez gain, izenaren laburdurarekin zein ezizenarekin sinatutakoak ere agertzen dira bilduman. Edukiei dagokionez, hizkuntzalaritza eta dibulgazioa izan dira bere obraren enbor nagusienak, baina literatura, historia eta zinema gaiak ere jorratu zituen bere bizitzan zehar.