Etorkizuneko Hondarribia ezagutzeko tresna inauguratu dute
Astelehen arratsaldean ireki zuten Hemendik aurrera erakusketa Arma Plazan. Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren Planeamenduaren Aurrerapenaren erakusketari esker, Hondarribia datozen 10-15 urteetan nolakoa izango den ikusteko aukera izango dute herri...
Astelehen arratsaldean ireki zuten Hemendik aurrera erakusketa Arma Plazan. Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren Planeamenduaren Aurrerapenaren erakusketari esker, Hondarribia datozen 10-15 urteetan nolakoa izango den ikusteko aukera izango dute herritarrek. Planaren Aurrerapena dokumentu luze eta korapilotsua da, eta tresna ezberdinak erabili dituzte, hondarribiarrei informazioa errazteko helburuarekin. Plana zortzi zatitan banatu dute: etxebizitza, mugikortasuna, ingurumena, azpiegitura handiak, ekintza ekonomikoak, ekipamendu komunak, urbanizatu ezin daitezkeen lurrak eta ondare kulturala.
Ohiko informazio eta mapez gain, aparteko erreminta ezarri dute erakusketan. Arma Plazan jarri dituzten ordenagailuei esker, Hondarribi gaineko hiru dimentsiotako hegaldiak egin ahal dira. Gainera, bisita hauek udaleko web-gunetik ere egin daitezke. Aitor Kerejetak, Hondarribiko alkateak azaldu duenez, «hiri gutxitan dago hiru dimentsiotako honelako berregite zehatza ikusteko aukera, pena merezi du». Agiria Francisco de Leon , Arquitectura y Urbanismo S.L. enpresak idatzi du. Erakusketa bi hilabetez irekita izango da, eta alegazioak aurkezteko aukera izango dute bisitariek, bai bertako ordenagailuetan eta baita hirigintza sailean ere.

