Arraguako eta Fanderiako topo geltokiak inauguratu dituzte gaur
Arragua eta fanderiako topoaren geltoki berriak inauguratu dituzte gaur
Oiartzun eta Fanderiako (Errenteria-Orereta) topo geltoki berriak inauguratu dituzte gaur goizean. Oiartzungo Arragua auzoko geltokia inauguratu dute lehenik goizeko hamaiketan, eta Fanderiakoa ordu erdi beranduago. Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburuordearekin batera izan dira Aitor Etxeberria eta Juan Carlos Merino, Oiartzun eta Errenteriako alkateak, hurrenez hurren, inaugurazio ekitaldian.
Arragua eta Fanderiako geltokiak eraikitzeaz gainera, lan horien baitan, Hendaia eta Lasarte arteko bidean, 1550 metroko zatian, bikoiztu egin dute trenbidea. Bikoizketa hori, baina, udatik aurrera hasiko dira erabiltzen. Lan horiek guztiak egiteko 35 miloiko aurrekontua izan dute, eta horietatik 3,6 miloi Oiartzungo udalak ordaindu ditu, Euskal Trenbide Sarearekin (ETS) sinaturiko hitzarmenaren baitan.
Oiartzungo geltokia
Trenbidearen trazatua, geltoki berriak erdian duen nasaren bi aldeetatik joango da. Horrek, trenbide pasagune bat kentzea ahalbidetu du. Bide zubi bat ere eraiki da, trenbidea bertatik joan dadin, eta haren azpian, “trenbidearen bi aldeen arteko lotura erraztuko duten bideak egingo dituzte denbora gutxi barru” azaldu dute. Geltoki berriaren inguruan parkea eraikitzeaz gainera, autoak aparkatzeko gune zabala, oinezkoentzako hainbat bide eta aisialdirako gunea ere egingo dituztela zehaztu dute.
Fanderiako geltokia
Fanderiako geltokiko nasak, auzoa eta bere goiladean dagoen urbanizaziorako oinezkoen sarbidearen artean daude, “horregatik eta sarbidea errazte aldera, igogailua du geltoki berriak” azaldu dute.
Juan Carlos Merinoren hitzetan “gurea, egun, hiri handia da eta , horrek garraiobide erosoak eskatzen ditu, autoak etxean utzi eta beroiek erabiltzeko, eta alde horretatik, gaurkoa egun zoragarria da Errenteria eta inguruarentzat”. Topoak ibilbidea lurrazpitik egitea etorriko da ondoren alkateak azaldu duenaren arabera, “izan ere topoak egun bitan banatzen du Erdialdea, eta neurri horrekin arazoa gaindituko dugu”.Neurri horiek guztiak, “herritarron bizi kalitatea hobetuko” dutela gaineratu du Merinok inaugurazio ekitaldian.
Garraio publikoa erabiltzeko deia
Aitor Etxeberriak hartu du hitza ondoren, proiektuak Oiartzuni dagokionen garrantzia berezia hartzen duela adierazteko: “bi arlotan ikutzen gaituelako, Arragua auzoa orain arte egoera kaxkarrean egon den auzo bat berriro urbanizatu eta biziberritzea martxan jartze horretan une garrantzitsua dakarrelako batetik; eta, bestetik, garraioaren gainean garrantzia handia duelako”. Halaber, Oiartzun Gipuzkoan biztanleko auto gehien duen herrietako bat dela nabarmendu du Etxeberriak “eta horregatik, guretzako izugarri garrantzitsua da garraio publikoa bultzatzea”. Oiartzungo alkateak gaineratu duenez “legealdi honetan lortu dugu lehenengo aldiz Oiartzunek bere autobus urbano propioa izatea. Topoarekin batera eta hartu diren beste hainbat neurriekin herritarrei autoa etxean utzi eta garraio publikoa erabiltzen hasteko deia luzatu nahi diet eta horretarako, honen atzetik beste pausu asko etorriko direla espero dut”
Donostialdeko metroa
Iñaki Arriola Sailburuak hartu du hitza azkenik “Euskotrenek eskaintzen dituen zerbitzuak modernizatu eta hobetzeko asmoa egi bihurtu dela” esateko. Donostialdeko metroa izan du hizpide Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburuak. Arriolak “metroaren helburua, egungo trenbidea berritzea” dela nabarmendu du “eta proiektu horren baitan Oarsoaldeak berebiziko garrantzia izango du” gaineratu du. Besteak beste, eskualdeari dagokionean, Pasaian lurrazpiko geltoki berria, Galtzarabordako geltokia erabat estali eta Errenteria eta Galtzarabordako geltokien artean lurrazpiko tren sahiesbidea eraikitzeko proiektuak nabarmendu ditu Iñaki Arriolak. Halaber, bi hilabete barru, Euskotrenen unitate berriak martxan jarriko dituztela azaldu du Arriolak, Donostia eta Hendaia artean.


