Ereintzak ere ospatuko ditu Inauteriak
Urtero moduan, Ereintza Dantza Taldeak ere ospatuko ditu Inauteriak, bi ekitaldi nagusirekin: azeri-dantza eta sardinaren ehorzketa. Ostegunean izango da azeri -dantzaren txanda. 19:00etan aterako dira Ereintzaren egoitzatik eta erdialdeko kaleak zehar...
Urtero moduan, Ereintza Dantza Taldeak ere ospatuko ditu Inauteriak, bi ekitaldi nagusirekin: azeri-dantza eta sardinaren ehorzketa. Ostegunean izango da azeri -dantzaren txanda. 19:00etan aterako dira Ereintzaren egoitzatik eta erdialdeko kaleak zeharkatuko dituzte (Juan Olazabal, Biteri, Morrongiletan, Esmalteria, Maria Lezo, Madalena) Herriko Enparantzan amaitzeko. 20:00ak alderako iristea espero dute, eta ondoren, dantza saioa izango da.
Festak behar bezala bukatzeko, martxoaren 8an sardinaren ehorzketa egingo dute. Sardina erdiko kaleetan erakutsi ondoren (Bittor Idiazabal, Alaberga, Biteri, Xenpelar, Herriko Enparantza, Gamon Zumardia, Nafarroa etorbidea) Panier zubitik Oiartzun ibaira botako dute sardina.
Desfilea Udal Musika Bandak eta Amulletako danbor jotzaileek lagunduta egingo dute Ereintzako dantzariek. Baina herritarrengana ere zuzendu dute deialdia sardinari azken agurra emateko.
Gonbidapena ere bidali dute azeri-dantzan parte hartzeko. Antolatzaileek jakinarazi dute ez dela beharrezkoa dantzan jakitea, “nahikoa da umore ona eta ondo pasatzeko gogoa izatea”. Zertxobait dantza nondik nora doan jakiteko entsegua egingo dute gaur arratsaldean, 20:30ean. Edonola ere, telefono zenbaki bat utzi dute jendearen eskura: 680 75 45 18.

