Seitik sei irabazi dituzte Oarsoaldeko batelek Illunberen banderan
Eskualdeko batelak bikain aritu ziren herenegun, badiako uretan. Izan ere, jokatu zituzten sei kategoriatan irabaztea lortu zuten Hibaikak, San Juanek eta San Pedrok, Illunbe arraun taldeak antolatutako batelen proban. Trintxerpeko bandera Batelen Ligan jokatu duten bosgarren jardunaldia izan zen herenegungoa.
Gazteenetan errenteriarrak izan ziren onenak. Nesken Haur Mailan Oriori bi segundo eskas atera zizkion Hibaikak. Illunbekoek osatu zuten podiuma, irabazleengandik sei segundora. Kategoria horretan guztira Oarsoaldeko lau batel gehiagok hartu zuten parte: San Pedrok (seigarren izan ziren); San Juan Bk (zazpigarren); Hibaika Bk (bederatzigarren) eta San Juan Ak (hamabosgarrenak izan ziren).
Mutiletan, haurren eta kadeteen maila nahastuan ere Hibaika izan zen garaile, San Pedrori hiru segundoko aldea aterata. Errenteriarren talde mixtoa azkena izan zen (zortzigarrenak).
Sanjuandarrek, bi bandera
Mutilen Kadeteen Mailan eta nesken Gazte Mailakoen eta seniorren maila mixtoan sanjuandarrak izan ziren onenak. Mutiletan, arrosek hiru segundo baino gutxiago atera zizkieten San Pedro Bren batelari. Illunbeko batelariak, berriz, bosgarren izan ziren irabazleengandik hamar segundora. Sanjuandarren bigarren batela makalago ibili zen, hamabigarren postuan iritsi baitziren, 35 segundora.
Nesken maila mixto horretan, berriz, San Juan A batelak (seniorrak ziren) zazpi segunduko aldea atera zion Hibaika Ari (seniorrak baita ere). San Pedro A, berriz, bosgarren izan zen, irabazleengandik 41 segundora. Azkeneko bi postuetan geratu ziren Gazte Mailako arraunlariez osatutako batelak: Illunbe. zortzigarren, eta Hibaika B, bederatzigarren.
San Pedro, mutilen maila nagusietan onenak
Mutilen maila nagusietan izan ziren onenak sanpedrotarrak. Horrela, Gazte Mailan zazpi segundoko atera zieten moreek bigarren sailkatuei (Zumaiari). Hirugarrenak trintxerpetarren batela izan zen (hamalau segungura). Azkeneko bi postuetan San Pedro B eta San Juan geratu ziren, hurrenez hurren.
Senior mailan, berriz, batelari sanpedrotarrak jaun eta jabe izan ziren. Izan ere, hemeretzi segundoko aldea atera zieten bigarrenei (Mutriku). Hibaikakoak hirugarren izan ziren, 26 segundora.
Hondarribiarrak, laugarren Oriako jaitsieran
Bestalde, larunbatean traineruen Oriako jaitsiera jokatu zuten Orion. Hondarribikoak laugarren izan ziren, Bermeo irabazlearengandik sei segundora.
Sanjuandarrak bosgarren izan ziren (+7 segundo), sanpedrotarrak bederatzigarren (+24). Hondarribia B, berriz, hemezortzigarren (+1 minutu 33 segundo), San Juan B baino koska bat gorago (+1:33). San Pedro B 22. izan zen (+1:46) eta Illunbe 35. postuan geratu zen (+2:49), Hibaika baino bat hobeto (+2:51). San Pedro C 40. izan zen (+3:25).