Gipuzkoako eta Euskadiko kenpo txapelketak, igandean, Elorsoron
Ehun lehiakidetik gora espero dituzte 10:00etatik aurrera; herritarrei agertzeko deia egin diete
Gipuzkoako eta Euskadiko kenpo txapelketa ofizialak jokatuko dituzte etzi Elorsoro kiroldegian, 10:00etatik aurrera.
Honbu Japoniar Zentro Kulturalak eta Euskadiko Karate Federazioko Kenpo Sailak antolatu dute lehia, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Oiartzungo Udalaren laguntzarekin.
Sarrera doan izango da, eta jende asko hurbiltzea espero dute, «gure bailaran kenpo kai kirola errotuta baitago». Hala, herritarrak animatu dituzte lehiaketak ikustera joatera: «Armekin erabilitako formak, arma gabekoak, defentsa pertsonaleko teknikak eta aurrez aurreko borrokak ikusiko dituzte».
Ehun lehiakidetik gora espero dituzte igandeko txapelketetan. Euskadiko Txapelketa jokatuta, bertatik aterako dira Espainiako Txapelketan ariko diren euskal ordezkariak.
Lehiakideez, antolatzaileez eta ikusleez gain, bertan izango dira Euskadiko Karate Federazioko presidente Javier Manceras eta ohorezko presidentea ere: Gorka Osa oiartzuarra.
Kenpo munduan pertsona estimatua da Osa, «bere ibilbide zoragarriagatik eta luzeagatik».

