La Herrera Herrirak La Herrera antolatzeko proposamena aurkeztu du
La Herrera antolatzeko proposamena aurkeztu du La Herrera Herrira batzordeak. Hemezortzi hilabeteko prozesuaren ondoren, espazio libre gehiago egitea, aparkaleku gehiago eraikitzea eta askotariko ekipamenduak izango dituzten eraikinak egitea proposatu dute La Herrerarako. La Herrera Herrirako kideen ustez proposamena ez dago Trintxerperako bakarrik pentsatua. Hala, barrutiaren ingururako «erdigune egituratzailea» izateko egitasmoa dela diote, «Pasaia biziberritzeko puzzlearen beste pieza bat»: «Proposamena pentsatua dago hain beharrezkoa den biziberritzeari bultzada emateko eta gainerako barrutiekin lotzeko eta komunikatzeko». Espazio libreak «Lehentasuna une oro gune libreak izan dira, ez eraiki beharreko guneak», azaldu dute batzordeko kideek. Herreratik itsasoraino doan eremuaren azalera osoaren %30 okupatuko lukete eraikinek. Lur sail handi bat, itsaso aldera, parke baterako gordetzea proposatu dute. Eremu horrek aisiarako eta jolaserako gunea izango luke, urez hornitua. Herritarren elkargune izateko diseinatu dute. Bi plaza egongo lirateke bertan. Aparkalekuak Aparkalekuen beharra ere aztertu dute La Herrera Herrira batzordeko kideek. Egungo egoiliarrentzako, geroko egoiliarrentzat, baita etorkizunean egon daitezkeen jarduerek beharko duten aparkalekuentzako ere, lekua aurreikusi dute. «Proposamenean zehaztu dugu aparkaleku kopurua, gutxienez, 2.000koa izatea», zehaztu dute batzordeko kideek. Aparkalekuek honako premiak ase beharko lituzketela uste dute herritarrek: egoiliarrentzako aparkalekuak emankidan edo alokairuan egitea, baita horiek salgai jartzea ere egoiliarrentzako eta jardueretako langileentzat. Horrez gain, aparkalekuen arloan, jardueretarako eta [...]
La Herrera antolatzeko proposamena aurkeztu du La Herrera Herrira batzordeak. Hemezortzi hilabeteko prozesuaren ondoren, espazio libre gehiago egitea, aparkaleku gehiago eraikitzea eta askotariko ekipamenduak izango dituzten eraikinak egitea proposatu dute La Herrerarako.
La Herrera Herrirako kideen ustez proposamena ez dago Trintxerperako bakarrik pentsatua. Hala, barrutiaren ingururako «erdigune egituratzailea» izateko egitasmoa dela diote, «Pasaia biziberritzeko puzzlearen beste pieza bat»: «Proposamena pentsatua dago hain beharrezkoa den biziberritzeari bultzada emateko eta gainerako barrutiekin lotzeko eta komunikatzeko».
Espazio libreak
«Lehentasuna une oro gune libreak izan dira, ez eraiki beharreko guneak», azaldu dute batzordeko kideek. Herreratik itsasoraino doan eremuaren azalera osoaren %30 okupatuko lukete eraikinek. Lur sail handi bat, itsaso aldera, parke baterako gordetzea proposatu dute. Eremu horrek aisiarako eta jolaserako gunea izango luke, urez hornitua. Herritarren elkargune izateko diseinatu dute. Bi plaza egongo lirateke bertan.
Aparkalekuak
Aparkalekuen beharra ere aztertu dute La Herrera Herrira batzordeko kideek. Egungo egoiliarrentzako, geroko egoiliarrentzat, baita etorkizunean egon daitezkeen jarduerek beharko duten aparkalekuentzako ere, lekua aurreikusi dute. «Proposamenean zehaztu dugu aparkaleku kopurua, gutxienez, 2.000koa izatea», zehaztu dute batzordeko kideek.
Aparkalekuek honako premiak ase beharko lituzketela uste dute herritarrek: egoiliarrentzako aparkalekuak emankidan edo alokairuan egitea, baita horiek salgai jartzea ere egoiliarrentzako eta jardueretako langileentzat. Horrez gain, aparkalekuen arloan, jardueretarako eta bisitarientzako txandakako aparkalekuak ezartzea pentsatu dute. «Azken finean, kosta ahala kosta espekulazioa saihestu nahi dugu», gaineratu dute La Herrera Herrirako kideek.
Eraikinak
«Eraikinak diseinatu dira gune egituratzaile berri horri zentzua eta aterpea emateko, eta La Herrerako gunean markatzen diren elementu garrantzitsuenak sartzen dira», esan dute.
Askotariko ekipamenduak dituzten eraikinak proposatu dituzte La Herrera Herrirako kideek. Gizarte ekipamenduen baitan, eguneko zentroa eta haurren txokoak aurreikusi dituzte, besteak beste. Era berean, kultur ekipamendua nola egin aztertu dute. Bertan, erabilera askotariko eraikina (Zirizan) egitea proposatu dute.
Kultur eta gizarte ekipamenduez gain, kirol ekipamenduak ere hartu dituzte kontuan, baita «eraikin ikonoak» ere: «Esaterako, Euskal Herriko Itsas Museo berria edo Rabanne eraikina egin daitezke».
Bestetik, Pasaiako Udaleko Zerbitzu Sailarentzako egoitza, eta itsasoari lotutako jarduera ekonomikoko enpresentzako eraikina egotea nahiko lukete. Horrez guztiaz gain, saltzeko edo alokatzeko babestutako etxebizitzak eraikitzea aurreikusi dute herritarrek.
La Herreran Karmengo Ama Ikastetxearentzako eraikin berria aurreikusi dute, baita Andonaegiko kirol azpiegiturak bertara eramatea ere: «Kirolan, aisian eta osasun arloan barrutiak dituen eskariei erantzuna emateko beharrezkoak diren ekipamenduak dira». Hala, futbol zelai berria eta frontoi berriaren frontisari atxikita kiroldegi txiki bat egingo lituzkete, aldagela berriekin.
Auditoriuma egitea ere proposatu dute, «Pasaian dagoen areto hutsunea betetzeko». Herritarrek, gainera, itsas eskolaren areto nagusia berrerabiltzea proposatu dute.
18 hilabeteko prozesua
Batzordeak aurkeztutako proposamenaren bidea hemezortzi hilabetekoa izan da. 2009ko udan hasi zuten La Herreraren gaineko parte-hartze prozesua. «La Herrera Pasaiak dituen desorekak zuzentzeko aukera da, eta gunearen etorkizuna pasaitar guztien artean egin eta zehaztu behar da», adierazi dute.