Bi banketxeren jarrera salatu dute ekologistek
Gipuzkoako Errausketaren Aurkako Plataformen Koordinadorak salatu du La Caixa eta Banesto banketxeak Zubietako errauste planta finantzatzeko negoziazioetan dabiltzala. Horregatik, otsailean zehar, bi banketxe horien kontrako salaketa kanpaina abian jarriko dutela iragarri dute ekologistek, «gipuzkoarron osasunaren kontura negozioa egiten ari direlako».
Hala, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoa errauste plantarako finantzazioaren zati bat bi banketxeekin negoziatzen ari dela esan dute koordinakundekoek, 60 milioi euro inguruko mailegua: «Bi banketxeen webguneetan azaltzen denez, bi erakundeek ingurumenarekin konpromiso serioa dute; horri ez diote kasu zipitzik egiten. Finantzazio hori azalpen horien kontra doa». Hala, koordinadorako kideen ustez, «bi banketxeek lehentsasun osoa ematen diote negozioari».
Plantaren kalteak
Errausketaren Aurkako Plataformako Koordinadoraren arabera, «erraustegiak biztanleen osasunaren gainean eragin negatiboa» izango du. Hartara, eragin hori beste hainbat sektoretara zabalduko dela uste dute, hala nola, nekazaritzara eta abeltzaintzara.
Horregatik guztiagatik, otsailean zehar egingo dituzten moblizazioetan parte hartzeko eskatu diete herritarrei.