Santa eskean aterako dira Haurtzaro, Elizalde eta Lartaun
Eskualdeko ohitura zaharra da Santa Ageda bezperan etxez etxe, kantari eskean ibiltzea. Dirua, janaria edo beste zerbait eskatzen da. Ohitura zaharra berrituz, Haurtzaro Ikastolako ikasleak eta irakasleak, makila eskuan eta txapela buruan, santa eske...
Eskualdeko ohitura zaharra da Santa Ageda bezperan etxez etxe, kantari eskean ibiltzea. Dirua, janaria edo beste zerbait eskatzen da.
Ohitura zaharra berrituz, Haurtzaro Ikastolako ikasleak eta irakasleak, makila eskuan eta txapela buruan, santa eskean ibiliko dira etzi, herriko auzoetan. Lehen Hezkuntzakoak 14:30ean ariko dira kantari, DBHkoak, berriz, 17:30etik aurrera.
Elizalde ikastetxeko ikasleek, bestetik, lehenengo askaria izango dute, gurasoen ekimenez. Jantokian elkartuko dira 17:30ean, indarra hartzeko. Ondoren, 18:00etan aterako dira abestera, herriko kasko zaharrean zehar.
Lartaun Abesbatzako kideak, bestalde, 19:15ean Doneztebe plazan elkartuko dira santa eskean ibiltzeko, usadio zaharra jarraituz. Herritar guztiak gonbidatu dituzte ekimenean parte hartzera, makila eskuan.

