Autokonposta ikastaroak, datorren astean
Otsailean ere egingo dituzte; hondar organikoak etxean kudeatuko dituzte 40 familia gehiagok
Autokonposta ikastaroak emango dituzte datorren astean Atez Ateko Informazio Bulegoko informatzaileek, azken hilabeteetan euren hondakin organikoak etxean kudeatzeko prest agertu diren herritarrei. Urtarrilaren 24an eta 25ean (datozen astelehenean eta asteartean) lau ikastaro emango dituzte, udaletxean.
Astelehen goizeko ikastaroa (10:00etan), gaztelaniaz izango da eta arratsaldekoa, euskaraz (19:30an). Asteartean, ordutegi berean izango dira ikastaroak, baina alderantziz: goizean euskaraz eta arratsaldean, gaztelaniaz.
Hurrengo ikastaro txanda otsailaren 2an eta 3an izango da, bere garaian San Markoseko Mankomunitatearen ikastaroa egin zutenentzat (izan ere, horiek kozinatutako hondakin organikoak ez dituzte konpostatzen eta konposta daitezke). Ikastaro horretan parte hartzeko epea irekita dago, hilaren 31 bitartean.
Ikastaroetan parte hartzen dutenek jasoko dute Udalaren %20ko hobaria zaborraren tasan, euren hondakin organikoen hondar guztiak etxean kudeatzeko konpromisoa hartuko dutelako. Honela, Udaletik nabarmendu dutenez, geroz eta oiartzuar gehiagok kudeatzen dituzte hondar organikoak etxean bertan. Orain, 620 familiak egiten dute konposta eta laster, beste 40 familia hasiko dira gauza bera egiten.
Etxean autokonpostatzen hasi nahi duten herritarrek, hobaria 2012ko tasetan jasoko lukete. Informazio gehiago Atez Ateko Informazio Bulegoan eskura daiteke (Mendiburu kaleko 5. zenbakian, 900 49 11 11 zenbakian edo atezate@oiartzun.org helbidea).