Antxetak, Behe Bidasoako euskarazko irrati libreak irrati maratoia antolatu du larunbaterako, hilaren 8rako, sortu zeneko X. urteurrena ospatzeko ekitaldien barruan.
Antxeta irratia zer den, eta komunikazioa nola ulertzen duen erakusteaz gain, irratigintzan erreferente diren beste medio batzuk ezagutzeko aukera eskainiko dute Hendaiako Gaulle jeneralaren etorbideko egoitzan. Hurbiltzen den edozeinentzako ateak irekiko dituzte egun horretan.
Horretarako Euskal Herriko herri komunikabideen sorreran aitzindari izandakoak elkartu nahi dituzte: zuzeneko lekukotasunak, testigantzak, irratien esperientzien trukatzea… denetik egongo da 09:00etan piztu eta 14:00 itzaliko den ate irekietako irrati maratoian. Entzuleek, herritarrek eta kolaboratzaileek Antxeta irratiko ateak irekiak izango dituzte larunbatean, eskualdeko euskarazko irratiaren funtzionamendua ezagutu dezaten.
Irrati maratoia. Egitaraua:
09:00-10:00: Harrera eta gosaria.
10:00:11.30: Herri komunikabideei buruzko eztabaia. Arrosa Sareko hainbat irratiren partehartzearekin.
11:30-13:00: Antxetamiña berezia. Eskualdeko hainbat gazte taldek zuzenduriko emankizuna.
13:00-13:30: Jokoak Luma aldizkariaren laguntzarekin; entzule eta ate irekietara etorri diren lagunekin.
13:30-14:00: Agurrak eta Luntxa.
· 14:00etatik aurrera urteurrenera begira ekoitzitako programen emanaldia.