PTParen kontrako alegazioekin mosaikoa egingo dute
Madalensoron irudia osatuko dute bihar sinadurekin; herritarrei agertzeko eta parte hartzeko deia egin diete
Oiartzungo herritar talde batek deituta, mosaikoa osatuko dute bihar Madalensoro pilotalekuan, Donostialdeko Zatikako Planaren (PTParen) kontrako alegazioekin. Guztira, ia 7.500 alegazio bildu dituzte herrian, PTParen proposamenen kontra.
Hala, ia kantxa guztia beteta, irudi bat osatuko dute horiekin. 09:30ean hasiko dira lanean eta bertan egongo dira eguerdira arte. Herritarrei parte hartzeko deia egin diete eta Madalensorora agertzeko.
«Oihartzun handia»
Hasieran Herri Batzorde bezala sortu zenak, hainbat eta hainbat herritar gehiago bildu ditu PTParen kontra. Hala, gogorarazi dute, PTParen kontra jardunak «oihartzun eta indar handia» hartu duela. Ia 7.500 alegazio bildu dituzte PTParen proposamenen kontra (horietako 3.000 oiartzuarrenak, erroldaren %40).
Horrez gain, PTParen kontrako testua sinatu dute 44 elkartek ere, tartean Udala osatzen duten talde politiko guztiek.
Oraindik alegazioak biltzen jarraitzen dute eta hilaren 30ean, etzi, entregatuko dituzte Eusko Jaurlaritzak Donostian duen ordezkaritzan.